Eneko Sagarmendi, denboraldiko hirugarren txapelaren bila
Palista mutrikuarrak Gipuzkoako Binakako Txapelketaren finala jokatuko du zapatuan Zumaian. Aritz Lertxundirekin batera jokatuko du final handia.
Errenteriako Mindara klubeko Eneko Sagarmendi palista mutrikuarrak Gipuzkoako Binakako Txapelketaren finala jokatuko du zapatuan [ekainak 26], Aritz Lertxundi zarauztarrarekin batera. Mutrikuarrak bi txapel lortu ditu denboraldian, Master Cupekoa eta Gipuzkoako Buruz Burukoa, eta hirugarren bat irabazteko gogotsu eta itxaropentsu dagoela aurreratu du. “Denboraldi berean hiru txapel irabazteak ilusio berezia egiten dit. Polita izango litzateke”.
10:30ean hasiko da pilota jaialdia, Zumaiako Aitzuri pilotalekuan. Final handia 25 tantora jokatuko dute, eta Iraitz Huegun donostiarraren eta Xabier Arizkorreta hernaniarraren aurka neurtuko dituzte indarrak. Mutrikuarrak eta zarauztarrak bikotea osatu duten lehen aldia izan da, eta maila ona erakutsi dute, sailkapen fasea bigarren amaituz. “Finalera ailegatu aurretik jokatu ditugun lau kanporaketetatik bi galdu ditugu”.
Sailkapen faseko emaitzak ikusita, final estua eta lehiatua izango da. “Aurkariek bikote oso sendoa osatzen dute. Irabaztea zaila ikusten dut, baina ez da ezinezkoa”. Mutrikuarra kantxan dena ematera aterako da, eta finalera begira lasai dagoela azpimarratu du. “Lasai nago, ni parte hartzera eta ondo pasatzera noa”.