Amorotoko datorren asteko ekitaldietarako sarrerak aurretiaz hartu behar dira
Uztailaren 2tik 4ra, egun bakoitzean ikuskizun bana eskainiko dute frontoian. Astelehenetik barikura udaletxean edo asteburu honetan plazan eskuratu ahalko dira sarrerak.
Amorotoko Jaiak ohiko eran ospatu ezin badituzte ere, datorren asterako hiru kultur ekitaldi prestatu dituzte. Horiek frontoian izango dira, eta gehienezko edukiera mugatuta egongo denez, sarrerak aldez aurretik eskuratu behar dira. Uztailaren 2an (barikua) Xabi Solano musikariak eta Kimua dantza kolektibokoek ikuskizuna eskainiko dute. Biharamunean Puro Relajoren emanaldiaz gozatzeko aukera edukiko dute, eta domekan (uztailak 4), berriz, Potx eta Lotx pailazoen txanda izango da.
Hiru ekitaldiak 18:00etan hasiko dira; barikuko eta zapatuko saioetarako sarrerak 15 eurotan ipini dituzte salgai, eta pailazoena ikusteko 5 euro ordaindu beharko dira.
Sarrerak udaletxean hartu daitezke 09:00etatik 15:00etara, edo bestela asteburu honetan plazan eskuratu ahalko dira. Zapatuan (ekainak 26) 18:00etatik 20:00etara eta domekan (ekainak 27) 12:00etatik 15:00etara erosi ahalko dira plazan. Pertsona bakoitzak gehienez ere sei sarrera hartu ahal dituela jakinarazi dute.
Oharrak. Gogoratu dute egungo egoeragagatik segurtasun neurriak bete beharko direla, besteren artean, ikusleak musukua kendu gabe eta jesarrita egon beharko dira, ezin izango dute janaririk eta edaririk kontsumitu eta pertsonen arteko segurtasun tartea zaintzea derrigorrezkoa izango da.