Ander Laka Egia: "Herriaren babesa beti eduki dugu"
Azken jardunaldira arte mailari eusteko borrokatu dira Aurrerako jokalariak. Amaitu berri duten denboraldiaren errepasoa egin du Ander Laka kapitain ondarrutarrak.
Mailari eustea lortu duzue, eta 2021-2022 denboraldian Hirugarren Mailan jarraituko du Aurrerak. Berba gutxitan, zelan deskribatuko zenuke aurtengo denboraldia?
Urte luzea eta gaitza izan da eta, behintzat, amaiera ona eman diogu.
Denboraldiko helburua lortuta, zelako sentsazioak gelditu zaizkizue? Zelan ikusi dituzu taldekideak eta zu zeu zelan sentitu zara?
Lehenengo poza. Azken partidua amaitzeagaz batera poza hartu genuen, eta gero, pare bat egunetan ere partiduaren gorabeherak taldean komentatzen jarraitu genuen. Gerora, nik liberazio modukoa sentitu dut; urte guztiko presioa amaitu dela eta liberatuta, karga bat kenduta modura sentitu naiz.
Mailari eustea lortzeko zein izan da gakoa edo giltzarria?
Batez ere, etxetik kanpo irabazi ditugun hiru bat partiduak. Horietan lehenengoak, lehenengo fasean Balmasedaren kontra bertan irabazteak benetan lortu ahal genuela sinisteko konfiantza handia eman zigun. Horren ostean, Somorrostron ere irabazi eta gol average-an ere irabazi egiten genion. Beste bultzada handi bat izan zen hura ere. Gero, ligako bigarren fasean, Sodupeko garaipenak ere konfiantza hori indartu zigun.
Helburua hasieratik izan da mailari eustea. Baina horretan benetan sinistu zenuten edota txip aldaketa egin zenuten momentu jakinen bat egon al zen?
Niretzako Balmasedako partidua izan zen. Berez, Balmaseda talde indartsua da, ustez goian egotekoa. Hemen berdinketagaz amaitu genuen, eta bueltakoan, bertan irabazita ikusi genuen gure ligan zegoela, justu sailkapenean pasatu eta gol average-a ere irabazi egin genion. Jardunaldi askotan azken postuan joan ginen, gero, Urgatziri irabazi genion, eta hura ere pasatu egin genuen, eta horren jarraian, Balmasedari irabazi genion, eta hura ere pasatu. Ni, behintzat, Balmasedako partiduak sinistera eroan ninduen; partidu horrek sinistarazi zidan posible zela helburua lortzea.
Jaitsiera eta salbazioa jokoan egon diren bigarren fasearen hamar jardunaldietatik bi galdu dituzue. Zelan ikusi duzu taldea?
Dinamika onean ailegatu ginen, eta dinamika on horregaz jarraitu genuen bigarren fase horren hasieran. Azken hamar partidu horiek gure ligako partiduak izan ziren. Denak ziren finalak, eta garrantzitsua zen ez galtzea. Hamar partiduak hamar final izan ziren.
“Herriko jende asko etortzen da Zaldupeko partiduak ikustera, eta hesiaren atzean eurak ez egotea asko igarri da”
Azken jardunaldira arte ez zen erabaki, baina bigarren fasean, salbazio postuetan mantendu zarete. Hor ere hurrerago ikusi zenuten mailari eustea?
Lehen fasea 20 puntugaz amaitu genuen, eta sartu ginenean, mailari eusteko lehian geunden taldeen artean, bosgarren geunden. Bi partidu irabazi genituen, eta salbazio postuetan geunden. Baina jardunaldi batean asko aldatzen zen gauza; posible zen hiru postu gora egin, edo hiru behera. Urte guztiko asmoa zen, behintzat, azkenengo partidura arte bizirik mantentzea, eta lortu zen hori.
Momentu gogorretan zein amaierako une on eta pozgarrian zaleak alboan edukitzea oso garrantzitsua izaten da. Zaldupeko harmailetan, baina, jendea falta izan da. Horrek zelan eragin dizue?
Uste dut hori talde denek sumatu dugula. Baina, hemen batez ere, jende asko egoten da. Herriko jende asko etortzen da Zaldupeko partiduak ikustera, eta hesiaren atzean eurak ez egotea asko igarri da. Topiko bat ematen du, baina egia da, guretzako puntuak dira. Eurak egon balira, etxean galdu ditugun puntuak seguruenik ez genituzkeen galduko, horiek partiduak aurrera aterako genituzkeen. Beste aldetik, beharbada, kanpoan ere hobeto ibili gara beste taldeek ere etxean ez dutelako babes hori eduki. Zaleak hamabigarren jokalaria direla esaten da, eta gure kasuan benetan horrela da. Jokalari asko herritarrak izateak ere eragina dauka jende hori futbol zelaira etortzerako orduan.
“Gure jokatzeko era definitu behar banu, esango nuke baloia lapurtu ostean kontrako atea azkar bilatzeko asmoa daukan taldea izan dela Aurrera”
Zelaian ezin izan bada ere, kalean, herrian, zaleen babesa sentitu duzue?
Hori orain gehiago igarri da eurak ez direlako partiduetan egon. Baina aurreko urteetan jendea etortzen zenean ere, herriaren babesa beti eduki dugu, eta bai partidu baten aurretik zein ostean, kalean animoak eman izan dizkigute edo mezuren bat idatzi. Jendeak detaile horiek beti edukitzen ditu.
Zelako jokoa egin du Aurrerak amaitu berri duzuen denboraldian?
Bi entrenatzaile eduki ditugu, eta batetik bestera jokatzeko era ere aldatu egin da. Aurreko denboraldian mailaz igo ginen, eta punta-puntako taldea izatetik sufritu beharko zuen talde bat izatera pasatu ginen. Horrek ere taldearen jokatzeko era aldatu egiten du. Baloiaren zirkulazioa bizkorra egiten duen talde moduan hartzen gaituzte. Aurten, beharbada, hori falta izan zaigu, aurkariak hobeak izan direlako, egon garen egoerak ez gaituelako lagundu, konfiantza falta eduki dugulako… Askotan baloi luze eta bigarren jokaldi horiek bilatzera jo izan dugu. Gure jokatzeko era definitu behar banu, esango nuke baloia lapurtu ostean kontrako atea azkar bilatzeko asmoa daukan taldea izan dela Aurrera.
Zer falta izan zaizue hobeto jokatu eta emaitzek laguntzeko?
Denboraldi hasierako emaitzek asko baldintzatzen dute urte guztia: edo konfiantza ematen dizute edo dena kentzen dizute. Guri pasatu zitzaiguna da ez genuela partidu bakar bat ere irabazi Gabon ostera arte [urtarrilean, 11. jardunaldian lortu zuen denboraldiko lehen garaipena, Urgatziren kontra]. Horrek konfiantza gutxitzen du. Lehenago arriskatu edota egitera ausartuko zinatekeen gauzak ez dituzu egiten konfiantza falta horregatik. Segurura jokatzen duzu, arriskurik hartu nahi barik.
Denboraldi hasieran lesioek ere eragina eduki zuten?
Lesioak beti egongo dira. Egia da denboraldi hasieran partiduren batera lehen taldeko hamaika jokalarigaz justu joan ginela, eta eskerrak gazteak etorri zirela laguntzeko. Bestela, beharbada, aulkian ez zen inor egongo, ordezko atezaina beste inor ez. Gainera, pare bat lesio luzeak izan ditugu: belauna, orkatila, muskuluetakoak ere dezente… Aurreko urtean martxotik abuztura arte ia ezer egin barik egon ginen, eta denboraldi-aurrea ere ez zen izan ohikoa. Baten bat konfinatuta egon denetan hamar egun etxean egon behar izan du, eta talde erdi ere egon ginen konfinatuta. Etxean lantzen ahalegintzen zara, baina korrika egiteko zintarik ez daukagu etxean. Dena ere kostata joan da.
“Ea aukera daukagun gure jendeagaz, ekimen desberdinekin 100. urteurrena ganoraz ospatzeko”
Zelako giroa eduki duzue taldean?
Giroa ona izan da. Ia-ia denok herritarrak gara, 22 jokalaritik zortzi izan dira kanpokoak. Beste denok herritarrak gara, eta urte askotan elkarregaz gaudenak. Emaitzek laguntzen ez zutenean ere, giroa ez zen txarra izan momentu batean ere. Halakoetan beti dago tentsio gehiago, baina giroa ona izan da. Hala ere, egia da amaierako jardunaldietan futbol zelaian tentsio handia igartzen zela.
Pandemiak kirol arloan bakarrik ez dizuete eragin. Aurreko denboraldian mailaz igotzea ezin izan zenuten behar bezala herrian ospatu, ezta mendeurreneko urte hau eta mailari eustea ere…
Hemen mailaz igotakoan gabarra ateratzen dugu. 2015ean altxatu ginenean, Zaldupe aurretik porturaino gabarragaz joan ginen. Sekulako bizipenak dira horiek. Eta horiek merezi eta ez betetzea pena handia da, bai guretzat eta baita herriarentzat ere. Gure bazkideekin horrela ez ospatzea pena oso handia da. Salbatzea ez duzu ospatzen altxatzea beste, baina orain dela bi aste, mailari eustea lortu genuenean, Azpeititik bueltan etorri ginenean, kopa atera genuen. Taberna bateraino eroan genuen kopa denei erakusteko. Denak harrituta zeuden, zer irabazi genuen galdezka, eta iazkoa zen. Herriari hurbiltzeko keinua izan zen, eurak ere partea daukatela eurei ikusarazteko. Aurten mendeurrena da, eta urte erdi geratzen zaigu ospatzeko. Esan liteke gauzak pixka bat hobetotxoago daudela orain eta, behintzat, ea aukera daukagun gure jendeagaz, ekimen desberdinekin 100. urteurrena ganoraz ospatzeko.
“Hemen ez gatoz diruagatik, nahi dugulako eta benetan futbolean jokatzea gustatzen zaigulako gaude hemen”
Hurrengo denboraldiari begira jarrita, Zaldupen zer ikustea gustatuko litzaizuke?
Lehenengo eta bat, jendea egotea. Guretzat oso garrantzitsua da jendea egotea. Talde giroa berdin mantentzea nahiko nuke. Badakigu 2.B mailatik talde oso indartsuak jaitsi direla eta, beraz, aurten gaitza izan bada, datorren denboraldian berdin edo gaitzagoa izango da. Baina, behintzat, sei ez dira jaitsiko, hiru jaitsiko dira. Helburua pixka bat eskuragarriagoa izan litekeela esan genezake. Hala eta guztiz ere, badakigu hortxe sufritzen egongo garela urte amaierara arte. Taldeari eskatuko nioke, behintzat besorik eta bururik ez jaisteko, eta amaierara arte borrokatzeko partidu denetan eta liga amaitu arte.
Zuzendaritza taldea aldatu berri da. Kapitain modura, taldearen izenean zer eskatuko zenieke zuzendaritzako kideei?
Guk askorik ez dugu eskatzen. Eskatu izan dugunetan beti gauza antzerakoak eskatzen ditugu, sareak konpontzeko eta halako gauzak. Hemen ez gatoz diruagatik, nahi dugulako eta benetan futbolean jokatzea gustatzen zaigulako gaude hemen. Eskakizunak betikoak dira, materiala ez faltatzea eta arropa kontuak.