Ertzaintzak gazte bi atxilotu ditu Lekeition
Miaketak egin ditu Ertzaintzak gaur [ekainak 23 ] goizean Lekeitioko bi etxebizitzatan. Segurtasun Sailetik jakitera eman dutenez, Eako banku-erakunde bateko kutxazain bat erretzen parte hartu izana egozten zaie atxilotuei. Manifestazioa egin dute Lekeition atxiloketak salatzeko –argazkian–.
Auzitegi Nazionalarekin elkarlanean, ertzainek bi pertsona atxilotu dituzte gaur [ekainak 23] goizean Lekeition, ondasun materialen aurkako ustezko “terrorismo delitu bat” egotzita. 07:00ak aldera ailegatu da Ertzaintza , eta bi pertsonen etxebizitzak miatu dituzte, bat Artolaba kalean eta bestea Azpiri kalean.
Etxebizitzetako bat hiru ordu baino gehiagoz miatu ostean, 10:30ak aldera, atxilo eraman dute bi gazteetako bat. 11:28ak aldera amaitu dute bigarren etxebizitzaren miaketa, eta bigarren gaztea eraman dute atxilotuta.
Segurtasun Sailetik jakitera eman dutenez, Eako (Bizkaia) banku-erakunde bateko kutxazain bat erretzen parte hartu izana egozten diete atxilotuei, 2020ko azaroan atxilotu zuten hirugarren pertsona bategaz batera. Zehaztu dutenez, hirugarren pertsona hori kartzelan dago gaur egun, “Muxikan, Gernika-Lumon, Zugastietan eta Foruan sabotajeak egiteagatik”. Ertzaintzak esan duenez, 2020an Patxi Ruizen alde egindako protestetan erre zuten kutxazaina.
Datozen orduetan, Auzitegi Nazionaleko Instrukzioko Epaitegi Zentralaren esku utziko dituzte atxilotuak.
Mobilizazioa. Atxiloketak salatu eta atxilotuen berehalako askatasuna exijitzeko manifestazioa egin dute gaur [ekainak 23] 19:30ean, Lekeitioko Eskolapetik irtenda.
“Gaurko atxiloketek ez dutela zentzurik eta herri honen mina areagotzea baino ez dakartela” adierazi du Lekittoko EH Bilduk. Eta euren babesa erakutsi diete atxilotuei, senideei eta gertukoei.