Konpost tea nola egin irakatsiko dute Lekeition
Lekitto Bedarrak antolatuta, ikastaroa uztailaren 3an izango da. Ekainaren 30a da izena emateko azken eguna.
Lekitto Bedarra Lekeitioko ortularien elkarteak konpostagaz tea nola egin irakasteko ikastaroa eskainiko du uztailaren 3an, 10:30etik 12:00etara, Lekeitioko Usotegi parkean. Eguaztena da (ekainak 30) ikastaroan izena emateko azken eguna; telefonoz deituta (660 26 21 07) edo posta elektronikoa bidalita (lekitto.bedarra@gmail.com) izena eman daiteke.
Elkarteak datorren asteko zapatuan [uztailak 3] eskainiko duen ikastaro hori aurtengo hirugarrena izango da: lehenengo ikastaroa Anton Onaindiak eskainitako mahats inausketarena izan zen, eta bigarrena Julian Arrate elkarteko kideak azeri buztanari buruz emandakoa. Hirugarren ikastaroa ere elkarteko kide batek (Imanol Barainka) emango du.
Ikastaroan parte hartzen dutenek konpost tea nola prestatu, nola erabili eta bere onurak zeintzuk diren ikasiko dutela esan dute. «Ikastaroan parte hartzen dutenek ongarri natural eta oso ona egiten ikasiko dute». Konpost tea mikroorganismo onuragarri eta mantenugai asko dituen produktu ekologiko likidoa da. Lurrean egon beharko lukeen flora mikrobianoa lehengoratzeko eta landareei mantenugaiak emateko balio du.