Bolatoki berria egin dute Markina-Xemeingo Uhagon ostean
20.635,42 euroko inbertsioa egin du udalak egurrezko egitura berria egiteko. Eremuko lurra landuko dute darozen egunetan.
Urte hasieran egon zen haize denboraleak Uhagon kulturgunearen atzean zegoen bolatokiaren estalpea apurtu eta egurrezko egituran kalte handiak eragin zituen, eta arriskuak saihesteko itxi egin behar izan zuten. Beraz, bolatokia erabiltzeko aukera barik geratu zen, eta aterpe egokiagoa egiteko eskaera egin zioten Markina-Xemeingo Udalari Markina-Xemeingo Hiru Txirlo (MX3T) elkartekoek.
Eskaera horri erantzuna emanez, egitura sendoagoa egin du udalak. Hala, egurrezko egitura berria jarri dute, aurretik zegoen leku berberean. Guztira, 20.635,42 euroko inbertsioa egin du udalak.
Jakitera eman dutenez, egitura berria Markina-Xemeingo profesional batek landu du. “Behin egitura finkatuta, udal brigadak hainbat hobekuntza egin ditu bertan; besteak beste, barruko partean argiak jarri dira eta ikusleak partidak jarraitu ahal izateko eta besoak jarri ahal izateko egokitu da egitura”. Horrez gain, eremuko lurra landuko du udal brigadak datozen egunetan, MX3T elkartekoekin batera.
Markina-Xemeingo herrigunean ere bola jokorako aukera eskaini eta bola jokoaren zaletasuna biziberritu asmoz prestatu zuten MX3T elkartekoek Uhagon kulturgunearen atzeko partean dagoen bolatokia 2018ko ekainaren 17an. Ordutik hainbat txapelketa egin dira bertan, bai nagusi zein gazteenak (Karmen Egunekoa, Bizkaikoa…), eta entrenatzeko gune ere izan da inguruko bolarientzat.