Emeki Korala kontzertu eder batekin itzuli da agertokira
"Pozik" berreskuratu zuten musikazaleek kontzertu eder batez gozatzeko aukera. Markina-Xemeingo Mertzedeko eliza bete egin zen.
Indar eta sentimenduz beteriko kontzertua eskaini zuen domeka [ekainak 27] arratsaldean Emeki Koralak Markina-Xemeingo Mertzedeko elizan, eta entzuleek txalo zaparrada beroagaz eskertu zioten. “Zoragarria” izan zela esan zuten entzuleek, berriro ere koralaren kontzertu bategaz gozatu ahal izatea. Izan ere, COVID-19a dela eta, urte eta erdi inguru egon da Emeki Korala kontzerturik eman ezinik, eta “pozik” berreskuratu zuten musikazaleek kontzertu eder batez gozatzeko aukera.
Emeki Koralak hamar kanta abestu zituen Yolanda Loira zuzendariaren gidaritzapean: Bobby Mcferrinen Si le le; Xabier Sarasolaren Daradan; Pie Jesu; Josu Elberdinen Beata es, virgo Maria; Junkal Guerreroren Rederak; Atxa Mitxa euskal kanta herrikoia; Bring me little water Silvy; Ken Zazpiren Itsasoa gara; Kontxesiri euskal kanta herrikoia, Jim Papoulisen Kusimama. Eta entzuleek “beste bat” eskatuta, bi pieza gehiago oparitu zizkioten publikoari: euskal folklore tradizionaleko Atxiketan Potxiketan-Gure Koadrilan.
Koralak igaro arazi zien une atsegina nabarmendu zuten entzuleek kontzertu amaieran. “Kontzertu ederra izan da“, adierazi zuten. Emeki Koraleko kideen aurpegietan agertokira itzultzeko ilusioa ere sumatu zen. Koralistak eta publikoak, denek gozatu zuten arratsalde handi batez.