Herri txikietarako osasun zerbitzuetan murrizketarik ez egiteko eskatu dute
Amorotoko, Aulestiko, Eako, Gizaburuagako, Ispasterko eta Mendexako bizilagunek udan ere osasun arreta zerbitzua euren herrietako kontsultategietan jasotzen segitu nahi dutela aldarrikatu dute Lekeition.
Amorotoko, Aulestiko, Gizaburuagako, Ispasterko eta Mendexako herritarrek uztailaren 19tik aurrera aldizka eta abuztuaren 16tik irailaren 10era jarraian, euren udalerrietako kontsultategietan barik Lekeitioko anbulatorioan jasoko dute aurrez-aurreko arreta. Mendexako eta Amorotoko kontsultategietan, gainera, maiatzaren 17tik daude aurrez aurreko arreta jaso gabe.
Mediku zerbitzua herrian bertan jasotzen segitu nahi dutenaren aldarrikapenarekin jarraituz, Mendexako eta Amorotoko herritarren, Lekeitioko osasun etxearen aurrean elkartzeko deialdia egin zuten zapaturako [ekainak 26], eta Ispaster, Ea, Gizaburu eta Aulestik ere bat egin zuten deialdiarekin. Adin tarte desberdinetako jende ugari bildu zen oinarrizkoa den lehen arreta herriotan mantentzea aldarrikatuz. “Uda sasoian herri txikiotako kontsultategiak itxi egingo dira, zerbitzua Lekeitioko osasun etxean zentralizatuko delarik. Osakidetzaren lehentasunak datu kuantitatiboak erabiliz ezartzean, herri txikietako biztanleak ez gara lehentasun horietan sartzen, eta ondorioz, bigarren mailako biztanle sentiarazten gaituzte”, adierazi dute.