Asteburu honetako ekintzetako sarrerak eskuragarri daude udaletxeko kutxazainean. Gatibu eta Zetak-en kontzerturako sarrerak astelehenetik [uztailak 5] aurrera erosi ahalko dira.
Markina-Xemeingo Udalak eta herriko elkarte eta taldeek elkarlanean udara begira prestatutako egitaraua kalean dago. Adin guztiei begirako kultur eta kirol ekitaldez bete dator. Asteburu honetan hasiko dira ekintzak, eta jakitera eman dutenez, udaletxeko kutxazainean eskuratu ahalko dira ekitaldietarako sarrera edota gonbidapenak. Jende pilaketak saihesteko, modu mailakatuan ipiniko dituzte sarrerak eskuragarri.
Egitarauko lehen ekintzetarako sarrerak eskuragarri daude udaletxeko kutxazainean. Hala nola, Elsa Lizundia Quarteten kontzerturako, Maite Guevararen ikuskizunerako eta KUP koruaren emanaldirako sarrerak. Horiek guztiak doan izango dira, baina gonbidapena hartu bahar da aldez aurretik. Bestalde, Chill Mafia taldearen sarrera 5 eurokoa izango da. Hori ere eskuragarri dago jada.
Gatibu eta Zetak-en kontzerturako sarrerak, ostera, astelehenetik [uztailak 5] aurrera jaso ahalko direla aurreratu dute, eta gainontzeko sarrerak ekitaldi bakoitza egingo den astean bertan eskuratu ahalko dira.