Uztailaren 1etik 16ra bitartean egin behar da eskaria Lekeitioko udaletxean. Mailaren arabera emango dute laguntza.
2020-2021 ikasturteko euskara ikasleek 2020ko urrian Lekeitioko Udalari eskatutako laguntzak jaso ahal izango dituzte. Horretarako eskaria egin behar dute bihartik [uztailak 1] uztailaren 16ra bitartean Lekeitioko udaletxean. Urtero modura HABEk homologatutako euskaltegietan euskalduntzeko edo euskaraz alfabetatzeko ikastaroak egin dituzten ikasleek Lekeitioko Udalaren laguntza hau jasotzeko aukera izango dute, beti ere, urrian laguntzaren eskaera egin bazuten.
Udalak gogorarazi duenez, diru laguntza eskuratu ahal izateko, beste betebehar batzuen artean, %80ko asistentzia bete dela ziurtatzen duen AEK-ko ziurtagiria aurkeztu beharko da udaletxeko bulego orokorrean. Egindako mailaren arabera emango dituzte laguntzak: Euskalduntze 1. maila egiten duten ikasleen matrikularen %100 diruz lagunduko dute, Euskalduntze 2. mailan edo alfabetatzen diharduten ikasleek matrikularen %75 jasoko dute, Euskalduntze 3. eta 4. mailako ikastaroak egiten dituztenei matrikularen %50 ordainduko zaie.