Hiru kultur ekitaldi aukeran, Amorotoko jaiak ospatzeko
Xabi Solano eta Kimua dantza kolektiboa, Puro Relajo musika taldea eta pailazoen Potx eta Lotx pailazoen ikuskizunek girotuko dute Amorotoko frontoia, barikutik domekara. Sarrerak aurretiaz eskuratu behar dira udaletxean.
Amorotoko Jaiak ohiko eran ospatu ezin badituzte ere, barikutik domekara frontoian hiru ekitaldiz gozatzeko aukera daukate herritarrek. «Bizi dugun osasun egoera larria dela-eta aurten ere ezin izan dugu Amorotoko jaietako ohiko egitaraua programatu. Jai batzordeak eta udalak ditugun baliabideak kontuan hartuta egoera honetan egin ahal dugunera egokitu behar izan dugu aurtengo egitaraua. Herriko frontoiak eskaintzen dizkigun aukerak kontuan hartuta, gure osasuna zaintzeko bete behar ditugun neurriak ziurtatzeko moduko egitaraua egin dugu. Bertan, leku mugatuekin, jesarrita eta beharrezko neurriak beteta, hiru ikuskizun egongo dira», azaldu dute.
Adin tarte guztiak kontuan hartuta, ahalik eta egitarau zabalena egiten ahalegindu dira, denek eduki dezaten ikuskizunen bat aukeran. Xabi Solano musikariak eta Kimua dantza kolektibokoen emanaldian batuko dira barikuan [uztailak 2] frontoian, 18:00etan. Zapatuan [uztailak 3], berriz, Puro Relajoko musikariek kontzertua eskainiko dute, 20:00etan, eta asteburua borobiltzeko, domekan [uztailak 4] ordu berean hasita, Potx eta Lotx pailazoek euren ikuskizun umoretsua eskainiko dute.
Frontoian 200 pertsonako gehienezko aforoa daukate. Barikuko eta zapatuko ekitaldietarako sarrerak 15 eurotan daude salgai, eta domekakoak 5 eurotan. Ekitaldietara joateko sarrerak udaletxean hartu behar dira, 09:00etatik 15:00etara. Momentuz sarrerak geratzen dira, eta udaletxean denak eskuratzen ez badituzte, agian, ikuskizunen egunetan ere erosteko aukera egongo da. Hala ere, herritarrei eskatu diete aldez aurretik sarrerak hartzeko: “Nahiago dugu aurretik saltzea, hobeto antolatzeko”.
Gogoratu dute egungo egoeragagatik segurtasun neurriak bete beharko direla, besteren artean, ikusleak musukua kendu gabe eta jesarrita egon beharko dira, ezin izango dute janaririk eta edaririk kontsumitu eta pertsonen arteko segurtasun tartea zaintzea derrigorrezkoa izango da.
Pandemia egoeran hainbat ekitaldi egin dituzte frontoian, eta esaterako, iazko urrian Pirritx, Porrotx eta Marimototsek Bizi dantza ikuskizuna eskaini zuten frontoian: “Ekitaldia nahikoa ondo antolatzea lortu genuen, eta gutxi gorabehera antzera egingo dugu oraingoan ere. Asmoa da jendea taldeka ipintzea distantziak mantenduta”.