Markina-Xemeinen hasiko da zapatuan Jai Alai World Tourra
Beaskoetxea-Lekerika eta Erkiaga-Ibon Aldazabalen arteko finalerdiak emango dio hasiera zesta-puntako zirkuituari. Sarrerak telefonoz edo sarrerako leihatilan eskuratu ahalko dira.
Aurten ere, Markina-Xemeingo Uni pilotalekuan emango diote hasiera Jai Alai World Tour zesta-punta zirkuituari. Zapatuan [uztailak 3] hasiko da jaialdia, eta bertan, Diego Beaskoetxea, Unai Lekerika, Aritz Erkiaga, Ibon Aldazabal, IƱaki Osa Goikoetxea, Jon Zabala, Jokin Arbe eta Imanol Lopez pilotariek parte hartuko dute.
Bi finalaurreko eta finala izango ditu txapelketak. Zapatuan, 18:00etan jokatuko den lehen finalaurrekoan, azko Markina-Xemeingo Master Series txapelketako txapeldunak Diego Beaskoetxea eta Unai Lekerikabeaskoa gernikarrak Erkiaga eta Aldazabalen aurka neurtuko dira. Ispasterko aurrelariak eta Berriatuko atzelariak errebantxarako aukera edukiko dute. Iaz Beaskoetxeak eta Lekerikak finalerdietan irabazi zieten eta gernikarrek txapelketa irabaztea lortu zuten, Hormaetxea eta Lopezen aurka final handi bat irabaziz.
Goikoetxearen eta Lopezen parte hartzea Karmen egunerako [uztailak 16] utzi dute, finalerdietako bigarren jardunaldirako. Zumaiarrek Markina-Xemeingo puntistak izango dituzte ondoan. Jon Zabala atzelaria, Filipinetan eta Estatu Batuetan jokatzen aritu dena eta iazko bigarren mailako txapelduna, eta Jokin Arbe aurrelaria, iazko bakarkako txapelduna. Beraz, Karmen egunean, lehen mailan, Goikoetxea-Zabala eta Arbe-Lopez bikoteen norgehiagokagaz gozatu ahalko dute zesta-punta zaleek.
Bi maila. Azken urteetan bezala, lehen eta bigarren mailako txapelketak hartuko ditu Master Series txapelketak. Sendotutako figurak, batetik, eta haiekin egunen batean jolastu nahi duten gazteak, bestetik. Horrela, zapatuko jaialdia bigarren mailako txapelketagaz hasiko da, Aaron Gonzalez de Matauko arabarra eta Danel Mandiola markina-xemeindarra eta Alex Goitia eta Ion Ibarluzea markina-xemeindarrak aurkituko dira aurrez aurre Uniko kantxan. Karmen eguneko bigarren finalerdian, berriz, Atxon Alberdi iazko txapelduna eta Atain II.a Mutrikuko Jon Goenaga eta Markina-Xemeingo Jon Mandiolarekin neurtuko dira.
Finalak uztailaren 18an, domekan, jokatuko dira; kategoria bakoitzeko bi bikote onenak aurkituko dira bertan. Finala ere 18:00etan hasiko da.
Sarrerak telefonoz egongo dira salgai (Santi Olabe, 688 813 775). Gainera, emanaldi bakoitzaren egunean bertan erosi ahal izango dira leihatilan. Segurtasun neurriak direla eta, harmailetan 458 eserleku egongo direla jakinarazi dute antolatzaileek.