Mutrikun egin dute Gipuzkoako Batzar nagusien osoko bilkura ibiltaria
Urteroko Batzar Nagusi Ibiltaria Mutrikun egin dute gaur [uztailak 2], 23 urte eta gero. Gipuzkoako herriekin harremanak estutzea da ekimenaren helburua. Bilkuran eztabaitadatu dituzten gaien artean 2022eko osoko bilkura ibiltaria Tolosan egingo dela iragarri dute.
Santa Isabel egunarekin bat eginez, urteroko osoko bilkura ibiltaria egin dute gaur [uztailak 2] Gipuzkoako Batzar Nagusietako ordezkariek. Gipuzkoako herriekin harremanak estutzea helburuarekin, Batzar Nagusiek Donostiako egoitza nagusia laga eta urtero herri bat aukeratzen dute bilkura ibiltaria egiteko, eta gaurkoan Mutriku izan dute bilgune; 1998an elkartu ziren azkenekoz batzarkideak Mutrikun.
Xabier Ezeizabarrena Batzar Nagusietako lehendakaria, batzarkideak, diputatuak eta bestelako gonbidatuak Goiko Plazan elkartu dira, Joseba Palenzuela Mutrikuko alkateak guztiei ongietorria ematen zieten bitartean. Handik gutxira, Markel Olano diputatu nagusia ailegatu da eta ordezkari politiko guztiak batu ondoren, Gure Ametsa dantza taldekoek ohorezko aurreskua eskaini diete. Dantzarien harreraren ondoren, alkateak aginte makila eman dio Batzar Nagusietako lehendakariari, gaurko egunez udaletxea Batzar Nagusien esku utziz.
Klarinek Gipuzkoako ereserkia jotzen zuten bitartean, zinegotziak, batzarkideak, diputatuak eta mahaikideak udaletxera sartzen hasi dira, eta atzetik, Palenzuela, Olano eta Ezeizabarrena sartu dira mazadunek gidatuta. Behin udaletxe barruan sartuta, Olanok eta Ezeizabarrenak Mutrikuko Udalaren liburuan hitz batzuk idatzi dituzte. Mutrikuko alkateak, berriz, Batzar Nagusien ohorezko liburua sinatu du. Guztiek ohorezko liburuak sinatu ondoren eman diote hasiera bilkura bereziari.
Gaurko osoko bilkuran COVID-19a oso presente eduki dute. Hasiera ematearekin batera gaitzak jota hil direnen omenezko minutu bateko isilunea egin dute. Bilkuran eztabaitadatu dituzten gaien artean 2022eko osoko bilkura ibiltaria Tolosan egingo dela iragarri dute. Klarinek Agur Jaunak jota eman diote amaiera osoko bilkurari.