Hamalau herritarrek parte hartu dute konpost tearen ikastaroan
Lekitto Bedarra Lekeitioko ortularien elkarteak antolatuta, konpost tearen ikastaroa zapatuan [uztailak 3] egin zuten Lekeitioko Usotegin.

Hamalau herritarrek parte hartu zuten saioan, eta ikastaroa «oso ondo» baloratu zutela esan dute antolatzaileek.
Lekeitiarrez gain, Aulestiko, Azpeitiko eta Garaiko herritarrek ere parte hartu zuten Imanol Barainka Lekitto Bedarreko kideak gidatu zuen saioan.
«Kalitatezko konposta eta euri edo errekako ur garbia erabilita, landareak elikatu eta zaintzeko emaitza ezin hobea lortu daitekeela ikasi zuten. Gainera, arlo teorikoaz gain, praktikatzeko aukera ere eduki zuten partaideek. Eta egindako tea euren ortuetan erabiltzeko eraman zuten». Ikastaroa Iñigo harategiak egindako txorizoa dastatuz amaitu zuten.
Uztailaren 17ko ikastaroa. Ikastaro hori eginda, uztailaren 17an ortuko baratze alorren inguruko saio teoriko eta praktikoa egingo dutela aurreratu dute Lekitto Bedarrekoek.
Ikastaroa 10:30etik 11:30era bitartean egingo dute, Usotegin baita ere. Horretan parte hartu nahi dutenek telefonoz deitu (615 74 85 36) edo posta elektronikoa idatzi behar dute (lekitto.bedarra@gmail.com); uztailaren 16a da izena emateko azken eguna.
Orain arteko ikastaroetan egin modura, partaide kopurua mugatuta egongo dela aurreratu dute.

Imanol Barainka Lekitto Bedarreko kidea, azalpenak ematen. Argazkia: Lekitto Bedarra

Argazkia: Lekitto Bedarra

Argazkia: Lekitto Bedarra

Argazkia: Lekitto Bedarra

Argazkia: Lekitto Bedarra