Lea-Artibaiko bost bertsolari ariko dira Bizkaiko Bertsolari Txapelketan
Txapelketa urriaren 3an hasiko dela eta irailean aurkezpena egingo dutela esan dute antolatzaileek. Nerea Ibarzabal Salegi eta Xabat Galletebeitia Abaroa zuzenean finalaurrekoetan sartuko dira.
Izatez, bi urtetik behin jokatzen den txapelketaren sailkapen fasea iazko maiatzean jokatu behar zen, baina pandemia dela eta, fase hori irailera atzeratu behar izan zuten. Eta nahiz eta sailkapen fasea osorik amaitu zen, «egoerak eraginda» Bizkaiko Txapelketa urtebete atzeratzea erabaki zuten. Hala, Bizkaiko Bertsozale Elkarteak gaur [uztailak 7] jakinarazi zuen txapelketa urriaren 3an hasiko dela. Guztira, 44 bertsolarik kantatuko dute txapelketan, eta Lea-Artibaikoak bost dira.
Sailkapen fasetik pasatu ziren bertsolariei 2018an finalaurrekoetan kantatu zutenak batuko zaizkie kanporaketa fasea jokatzeko. Hain zuzen, Lea-Artibaiko hiru bertsolari dira iaz sailkapen fasea pasatu zutenak.
Zuzenean finalaurrekoetan sartuko direnei dagokienez, Lea-Artibaiko bi bertsolari (Nerea Ibarzabal Salegi eta Xabat Galletebeitia Abaroa) daude.
Zehaztu dutenez, guztira sei kanporaketa saio, hiru finalaurreko eta abenduaren 18an jokatuko den finala edukiko ditu txapelketak.
Bizkaiko Bertsozale Elkarteak jakinarazi duenez, irailean txapelketa aurkezteko agerraldia egingo dute, eta orduan informazio gehiago emango dute (sarerrak, saioen lekua eta ordutegia, eta abar).
Lea-Artibaiko bertsolariak, faseka
- Kanporaketa fasean: Aissa Intxausti Aburruza (Lekeitio), Garazi Navarro Ugarteburu (Amoroto) eta Josune Aramendi Perez (Markina-Xemein).
- Finalaurrekoetan sartuko direnak: Nerea Ibarzabal Salegi (Markina-Xemein) eta Xabat Galletebeitia Abaroa (Lekeitio).