Elkarte gastronomikoak zabor bilketa eta estolderiari dagozkien udal tasak ordaintzeaz salbuestea erabaki du Lekeitioko Udalak.
Pandemiaren aurrean hartutako neurrien artean txokoak ixteko agindua egon zen hainbat hilabetez, eta aurten itxita egon diren tarte horretako zabor bilketa eta estolderiari dagozkien udal tasak ordaintzeaz salbuestea erabaki du Lekeitioko Udalak. Hau da, txokoek ez dituzte azken sei hilabeteetako udal tasak ordaindu beharko, 2021eko urtarriletik ekainera bitartekoak.
Bestalde, Lekeitioko Udalak Lea Artibai Amankomunazgoak edukiontzi organikoaren erabilera sustatzeko abian jarri duen kanpainan parte hartzera gonbidatu ditu Lekeitioko elkarte gastronomikoak. “Edukiontziak, informazioa eta txartelak eskuragarri izango dituzte doan merkatu plazan. Bosgarren edukiontzia erabiltzeak natura zaintzeko aukera ematen digu. Txokoetan ere egin lekua organikoari”, adierazi dute.