Emakumezkoen Lea-Artibai Txallengea lehiatuko dute estreinako
Bi etapetako proba aurkeztu dute Berriatuko eta Markina-Xemeingo txirrindulari elkarteek. Zapatuan eta domekan [uztailak 10-11] lehiatuko dute proba.
Benjamin Aranzeta (Berriatuko Tx. E.), Alberto Alberdi (Markina Tx. E.) eta Yoseba Malaxetxebarria (Berriatuko Tx. E.). Berriatuko eta Markina-Xemeingo txirrindulari elkarteen eskutik, I. Lea-Artibai Txallengea lehiatuko dute asteburuan. Kadete, gaztetxo, 23 urtez azpiko eta elite mailetako emakumeen txirrindulari lasterketa da, eta Euskaldun Torneorako puntuagarria.
Eskualdeko bazterrak erakusteko eta bizikletan ibiltzeko aukera aldarrikatzeko asmoz egingo dute bi etapako proba. Markina-Xemeingo Saria lehiatuko dute zapatuan [uztailak 10], eta IV. Berriatuko Saria domekan [uztailak11]. “Parte hartzea bultzatzea da asmoa. Proba batean zein bestean edo bietan parte hartu ahal da, eta egun batean bukatu ezin duenak, hurrengo egunean irten ahal izango du. Baina challengea irabazteko biak egin behar dira”, azaldu dute antolatzaileek.
Iturrietako kronoigoera lehiatuko dute 1. etapan. Lea-Artibai Ikastetxetik irtengo dira, eta kadeteek 3,4 km eta gaztetxoek, 23 urtez azpikoek eta elitekoek 5,9km egingo dituzte. Kadeteak 15:00etan irtengo dira, eta gainontzeko txirrindulariak 16:00etan. 30 segundoko tarteagaz irtengo dira banaka-banaka txirrindulariak. Kadete mailako helmuga San Martinen egongo da, eta beste mailena Iturretan. Sari banaketa ekitaldia 18:30-19:00ak bitartean egitea aurreikusi dute.
Berriatuko eta Markina-Xemeingo txirrindulari elkarteek berdintasunerantz urrats bat eman eta emakumeen txirrindularitza indartu asmoz sortu dute proiektua
Jakinarazi dutenez, Iturretako errepidea moztuta egongo da 14:30etik aurrera.
2. etapa Cikautxoko aparkalekutik hasiko dute eta Bustinzuri kalean amaitu. 09:45 da kadeteen irteera-ordua (11:00 inguruan amaitzea aurreikusten dute), eta nagusiagoek 11:30ean ekingo diete ibilbideari. 42,2 km-ko lasterketa lehiatuko dute kadeteek eta 75,7 km-koa gaztetxo, 23 urtez azpiko eta elite mailetakoek.
Hain zuzen, kadeteak Berriatua-Ondarroa-Berriatua egingo dute lehenengo, saihesbidetik joan eta Kamiñazpitik buelta eginez. Berriatura ailegatutakoan Lekeitorantz jarraituko dute, eta handik Ondarroara joan, eta Berriatuara itzuliko dira.
Beste lasterketako partaideek buelta guzti horrez gain, bigarren buelta bat egingo dute Lekeitiorantz, eta Mendexa igo ondoren, Ondarroara joan eta handik Berriatuara itzuliko dira.
Sariak plazako kioskoan banatuko dituzte; 13:50-14:00 artean banatzen hastea espero dutela jakinarazi dute.
Orain arte 150 txirrindulari daude izena emanda Berriatuko lasterketan eta 148 Markina-Xemeingo erlojupekoan. Junior mailan izena emandakoen artean dago Udane Bilbao Murillo berriatuarra.
Egutegian finkatzeko proba. Berriatuko eta Markina-Xemeingo txirrindulari elkarteek berdintasunerantz urrats bat eman eta emakumeen txirrindularitza indartu asmoz sortu dute proiektua, eta etorkizunean jarraipena emateko asmoa daukate, emakumeen txirrindularitzaren egutegian bere lekua eginez, eta urtero-urtero ahalik eta partaidetza onena izatearen erronkagaz. “2020an, pandemia garaian, aspalditik buruan geneukan ideia hau garatzen hasi ginen. Erakargarria eta luzarorako izango zen proiektu bat nahi genuen, inguruko ekarpenak eta esperientziak jasoz”, azaldu dute.
Lasterketak antolatzen eskarmentua daukate bi udalerrietako elkarteek, eta antolakuntza lanak elkarlanean egitea ere ondo dakite. 1977tik Markina-Xemeingo elkarteak bide luze eta emankorra egin du probak antolatzen zein harrobia lantzen. Berriatuko elkartea, berriz, 1982an sortu zuten, eta ordutik, herritarren babes handiari esker, antolakuntzam esperientzia hartu dute.