Aurten ere ez da sanantolinik eta antzar jairik ospatuko Lekeition
Atzoko [uztailek 8] osoko bilkuran hartu zuten erabakia aho batez, Lekeitioko Udala osatzen duten alderdiek. Osasun egoerak hobera egin badu ere, oraindik ekintza handi eta jendetsuak egitea "ezinezkoa" dela esan dute.
Lekeitioko Udalak San Antolin eta Antzar Egunak bertan behera uztea erabaki du aurten ere, gaur egungo osasun egoerak ekitaldi jendetsuak egitea ezinezko egiten duela iritzita, eta guztion osasun ona bermatzeko. Atzoko [uztailak 8] osoko bilkuran hartu zuten erabakia aho batez, Lekeitioko Udala osatzen duten alderdiek.
“Osasun egoerak hobera egin badu ere, oraindik ezinezkoa da ekintza handi eta jendetsuak egitea, hartu beharreko segurtasun neurriak bermatzea zaila delako eta kasu batzuetan ezinezkoa”, azaldu dute. Erabakia Antzarreko Batzordearekin eta Jai Batzordearekin kontrastatu ondoren hartu dutela argitu dute, “beraien iritziak entzun eta adostasuna adierazi ondoren”.
Azpimarratu dutenez, aurten Lekeition “ez da jairik ezta ez jairik egongo”: “lan egun arruntak izango dira eta ez da inolako ospakizunik egingo. Erabakia zaila bada ere, bizi dugun osasun egoera ez da espero bezain ona, eta jaiak ospatzeak sor dezakeen arriskua kontuan izanda, iaz bezala, aurten ere jairik ez ospatzea beharrezkotzat ematen da”.
Unean uneko osasun-egoeraren arabera, beharrizana antzemanez gero, irailaren 1etik 8ra bitarteko egun horietan eta batez bet Antzar Egunaren inguruan, udalak neurri bereziak hartu ahal dituela aurreratu dute. “Azken batean jaiak edo ez jaiak ez direla ospatzen ziurtatuko da, denon osasun ona ospatzeko helburuarekin”.