Bizkaiko Traineru Txapelketa jokatuko dute Lekeition, beste urte batez
Bizkaiko arraun taldeek eguaztenean [uztailak 14], 18:00etatik aurrera lehiatuko dute Bizkaiko Txapelketa. Isuntzak eta Ondarroak senior mailan emakumezkoetan zein gizonezkoetan parte hartuko dute.
Bizkaiko Traineru Txapelketa lehiatuko dute eguaztenean [uztailak 14], 18:00etatik aurrera, Lekeition.
Senior mailan, emakumezkoetan lau talderen artean erabakiko da txapelduna: Isuntza, Ondarroa, Deusto eta Lutxana. Ondarroa da egungo txapelduna, iaz nagusitasun osoz lortu zuen bandera.
Gizonezkoetan, berriz, hamar talde ariko dira hiru txandatan banatuta. Isuntza bigarren txandan uretaratuko da Kaiku eta Arkotegaz batera. Hirugarren txandan ariko da Ondarroa, Santurtzi egungo txapelduna, Bermeo eta Zierbenagaz lehian.
Bestalde, beteranoetan sei talde lehiatuko dira, bi txandatan banatuta. Lehen txandan egongo dira Mundaka, Iberia eta Sestao, eta bigarren txandan, berriz, Getxo, Plentzia eta Bilbao.