Cantera eta Mouro nagusi Lea-Artibaiko lehen Txallengean
Valeria Mourok (Kadete) eta Ines Canterak (23 azpikoa) irabazi dute Iturretako etapa, eta Nahia Aranak (Kadete) eta Idoia Erasok (23 azpikoa) Berriatuko lasterketa.
23 urtez azpiko Ines Canterak (Sopela Womens Team) nagusien mailan –junior, 23 urtez azpiko eta elite–, eta Valeria Mourok (Txorierriko nesken taldea) kadete mailan, irabazi dute asteburuan jokatu den 1. Lea Artibai Txallengea. Euskaldun Torneorako baliogarriak diren bi probak osotu dute Markina-Xemeingo eta Berriatuko txirrindulari taldeek lehen aldiz antolatutako proba; Markina Xemein eta Iturreta artean erlojuaren kontrakoa lehiatu zuten txirrindulariek zapatuan [uztailak 10] eta Berritxu Saria domekan [uztailak 11] Berriatutik Berriatura bitartean.
Kadeteak izan ziren txallengearen etapa bietan errepidera irteten lehenengoak. Maila horretan Mourok irabazi zuen Iturretako erlojuaren kontrakoa eta Nahia Aranak (Seguros Bilbao-Miribilla) irabazi zuen atzo Berriatuko lasterketa.
09.06 denboragaz izan zen Mouro bizkorrena Iturretako aldapan gora. Kadeteek bidean dagoen San Martin baselizaren bidegurutzean eduki zuten helmuga, eta Mouroren ondoren geratu ziren 14 eta 18 segundotara hurrenez hurren Ayala Serrano (Zu-K/Limousin) eta Itxaso Plaza (Bolintxo okindegia-Lana).
Nahia Arana, Berriatuko irabazleak, bosgarren denborarik hoberena egin zuen Iturretako norgehiagokan, irabazlearengandik 23 segundotara geratu zen. Esprintean lortu zuen garaipena, berriz, Berriatuan. Aranak 1.15.15 denboran osatu zuen 45,7 kilometroko lasterketa eta beregaz batera, segundo bakarreko aldeagaz, sartu ziren helmugan zazpi txirrindulariko taldea. Maria Martinez eta Valeria Mouro izan ziren Berritxu Sariko bigarrena eta hirugarrena.
Nagusiak. Elite, Junior eta 23 azpiko taldeetan, berriz, Canterak irabazi zuen erlojuaren kontrakoa zapatuan, eta domekan Idoia Eraso (Laboral Kutxa-Fundacion Euskadi) nagusitu zen Berriatuan. Zapatuan ere erlojupeko bikaina burutu zuen Erasok podiumeko hirugarren postua eskuratuz. Bigarren denborarik hoberena Iturretan gora, berriz, Sopela Womens Team taldeko Molly Patch-ek lortu zuen; 32 segundora geratu zen irabazlearengandik.
Erasogaz gainera, Berriatuko podiuma, Alessia Bullerik eta Sofia Rodriguezek osatu zuten. Guztira, 76 txirrindularik parte hartu zuten kategoria horretako lasterketan. Ihesaldiek markatu zuten proba. Lehenengo bueltatik egin zuen Erasok ahalegina ihes egiteko, eta Lekeitio igaro ostean, metro batzuk aurretik joan zen, baina tropelak laster egin zuen bat berriro ere. Alessia Bulleri, Sofia Rodriguez eta Eukene Larrarte ere aurretik joan ziren tarte luzean, baina Milloin gora desberdintasunak murriztuz joan ziren eta Lekeitio inguruan harrapatu zituen tropelak. Mendexako igoeran zatitu zen berriro tropela, eta hamar txirrindulariko taldea jarri zen lasterketa buruan. Azkenean, zortzi txirrindulariren artean jokatu zen lasterketa, eta esprintean erabaki zen irabazlea. 2.04.47 denboragaz sartu ziren helmugan sei txirrindulari: Idoia Eraso, Alessia Bulleri, Sofia Rodriguez, Carolina Esteban, Lucia Ruiz eta Ines Cantera.
Lea-Artibaiko txirrindulari batek ere parte hartu du eskualdeko txallengean, Udane Bilbao Murillo berriatuarrak. Junior mailako txirrindulariak 20. postua eskuratu zuen zapatuan bere kategorian, igoera bikain bat eginez. Berriatuko lasterketa, ostera, ez zuen amaitzerik eduki.
EMAITZAK
1. ETAPA. Iturretara igoera
Kadeteak
1. MOURO ALVAREZ, Valeria, TXORIERRIKO NESKEN TALDEA: 9.06
2. SERRANO MARTINEZ, Ayala, ZU-K / LIMOUSIN: 14 segundora
3. PLAZA AMAZORRAIN, Itxaso, BOLINTXO OKINDEGIA-LANA: 18 segundora
Junior, 23 azpikoak eta Elite
1. CANTERA CARRASCO, Ines, (23 azpikoa) SOPELA WOMEN’S TEAM: 15.30
2. PATCH, Molly (Elite) SOPELA WOMEN’S TEAM: 32 segundora
3. ERASO LASA, Idoia (23 azpikoa), LABORAL KUTXA-FUNDACION EUSKADI: 33 segundora
2. ETAPA. Berritxu Saria
Kadeteak
1. ARANA QUINTANILLA, Nahia, SEGUROS BILBAO-MIRIBILLA: 1.15.15
2. MARTINEZ BARRASA, Maria, RIO MIERA – MERUELO: segundo batera
3. MOURO ALVAREZ, Valeria, TXORIERRIKO NESKEN TALDEA: segundo batera
Junior, 23 azpikoak eta Elite
1. ERASO LASA, Idoia (23 azpikoa) LABORAL KUTXA-FUNDACION EUSKADI: 2.04.47
2. BULLERI, Alessia Italiarra (Elite) ENEICAT-RBH GLOBAL-MARTIN VILL: 2.04.47
3. RODRIGUEZ REVERT, Sofia (23 azpikoa) SOPELA WOMEN’S TEAM: 2.04.47
Sailkapen Orokorra
Kadeteak
1. MOURO ALVAREZ, Valeria, TXORIERRIKO NESKEN TALDEA: 1.24.22
2. SERRANO MARTINEZ, Ayala, ZU-K / LIMOUSIN: 14 segundora
3. PLAZA AMAZORRAIN, Itxaso, BOLINTXO OKINDEGIA-LANA: 22 segundora
Junior, 23 azpikoak eta Elite
1. CANTERA CARRASCO, Ines (23 azpikoa) SOPELA WOMEN’S TEAM: 4.11.48
2. ERASO LASA, Idoia (23 azpikoa) LABORAL KUTXA-FUNDACION EUSKADI: 33 segundora
3. PATCH, Molly (Elite) SOPELA WOMEN’S TEAM: 43 segundora
Euskaldun Txapelketan hauek dira liderrak: kadete Ayala Serrano (Zu-k/Limousin); Juniorretan, Sandra Gutierrez (Bioracer Metallo), eta Elite eta 23 urtez azpikoetan Ines Cantera (Sopela Women ‘s Team).