Mikel Iriondok bi domina lortu ditu Udako Bizkaiko Igeriketa Txapelketan
Absolutu mailan fin aritu da ondarrutarra. Erreleboetan 4×50 metro estilo lasterketan urrezko domina lortu du eta 50 metro bizkar lasterketan, berriz, brontzezkoa.
Asteburuan Santurtzin lehiatu den Udako Bizkaiko Txapelketan emaitza oso onak lortu ditu Mikel Iriondo igerilari ondarrutarrak. Swim Camp Getxo kirol elkarteko igerilaria fin aritu da, eta parte hartu duen absolutu mailako hiru probetatik bitan podiuma egin du: erreleboetan 4×50 metro estilo lasterketan urrezko domina lortu du eta 50 metro bizkar lasterketan, berriz, brontzezkoa. Emaitzagaz “oso pozik” dagoela adierazi du.
Erreleboetan 4×50 metro estilo lasterketan bizkar estiloan egin zuen igerian ondarrutarrak, Ibai Elorriagagaz, Mikel Bildosolagaz eta Francisco Berreteagagaz batera. Taldekideak crawl, bular eta txilemeta estilotan aritu ziren, hurrenez hurren. Entrenamenduetan lortutako emaitzak ikusita, podiumean egoteko aukerak edukitzea espero zuten, baina lehen postua lortzea eurentzako ere “ezustekoa” izan dela aitortu du. “Gu baino 20 bat urte gazteagoen aurka lehiatu gara, eta ez genuen hainbesteko emaitza onik lortzea espero. Egia esan, proba borobila izan zen; oso marka onak lortu genituen laurok, denboraldiko onenak”.
Erreleboetako 4×50 metro crawl proban ere parte hartu zuen taldeak, baina kanporatu egin zituzten, irteeretako batean “arinegi” irteteagatik.
50 metro bizkar lasterketako emaitzari dagokionez; 27 segundo eta 90 ehuneneko marka egin zuen. “Sekulako maila egon zen lasterketan, inoiz baino handiagoa. Espero baino hobeto egin nuen proba. Pozik nago emaitzagaz, aurtengo onena izan da. Egia esan, bakarkako proban ez nuen parte hartzeko asmorik. Erreleboetan parte hartzera joan nintzen, baina taldekideek nire partez izena eman ondoren, parte hartzea erabaki nuen”.