Mutrikuk asteburuan amaituko du Lur Gaineko Euskadiko Sokatira Txapelketa
560 kiloko finala jokatuko dute zapatuan [uztailak 17]. Kategoria horretako aurreko bi jardunaldietan bosgarren sailkatu da talde mutrikuarra.

2021eko Euskadiko Lur Gaineko Sokatira Txapelketa azkenengo txanpan sartuta dago, eta Mutrikuk zapatu honetan [uztailak 17] amaituko du txapelketa. 560 kiloko hirugarren eta azken jardunaldia lehiatuko dute, Laukizen, 17:00etatik aurrera.
Aipatu kategorian lehiatutako bi jardunaldietan bosgarren sailkatu da talde mutrikuarra. Zapatuan [uztailak 10] Erandioko Goierri auzoan jokatu zuten bigarren jardunaldia. Gaztedi A tiraldi denak irabazita nagusitu zen, eta haren aurka soilik galduta Goiherri sailkatu zen bigarren. Horien atzetik, Gaztedi B eta Akelarre geratu ziren, eta Mutrikuren atzetik Gaztedi C izan zen bosgarrena. Berdinketa gabeko saioa izan zen.
Jabi Urresti: “Aurten taldea hasieran ikusten zen talde polita atera ahal genuela, bai pisu handirako eta bai pisu txikirako. Azkenean murrizten joan da. Baina, hasieran pentsatzen genuen mailan ibili gara”
Gaztediren laguntza eduki zuen Mutrikuk taldea osatzeko. Izan ere, aurretik min hartuta zegoen taldekidea ez zen errekuperatu, eta pisu txikian tiratzen duen beste taldekide bat lesionatu zen. “Itxura denez, aurtengo urtea ez da Mutrikurena, lesio eta ezbeharrengatik. Gaztedik laga zigun taldekide bat, eta bere beharra ondo egin zuen. Alde horretatik pozik gaude. Joan ginen moduan joanda, sentsazioak ez ziren txarrak izan, eta pozik egoteko moduan gaude. Norberaren taldea ez dagoenetan gabeziak ikusten dira, baina bestela ondo aritu ginen”, azaldu du Jabi Urresti Mutriku Sokatira Taldearen kideak.
Urrestiren hitzetan, denboraldi hasieran pentsatzen zuten mailan ibili dira txapelketan, eta sentsazioak onak izan dira: “Aurten, hasieran ikusten zen talde polita atera ahal genuela, bai pisu handirako eta bai pisu txikirako. Azkenean murrizten joan da. Baina, hasieran pentsatzen genuen mailan ibili gara. Agian, txapelketa hasi aurretik pentsatzen genuen kategoriaren batean hobeto ibili ahalko ginela, eta entrenatzaileak ere esaten zigun pisu txikirako talde polita geneukala”. Bestelako baldintzetan, 600ekoan edo 560koan hobeto aritzeko esperantza zeukaten: “Pisu handirako lau edo bost bagaude, baina beste hiru bat faltako litzaizkiguke taldea osatzeko”.
Denboraldi honetan gazteak ere ari dira taldean, eta hori aurtengo berri pozgarria izan da: “Taldekide berriak, gazteak, gogoagaz ikusten dira. Geratzen badira, datorren urtera begira ikasten joateko ondo etorri zaie aurtengo denboraldia”.

Argazkilaria: OlatzGO.