Yolanda Larreategi eta Amaia Nolla: "Gurasook gure hizkera zaindu beharko genuke"
Konplizitaterik ez da falta umetatik gelakide eta lagun diren Larreategi eta Nollaren artean. Liburu bat kaleratu dute orain, lankidetzan ('Gurasoak tokatzen zaizkit'). Esperientzia aberasgarria izan da bientzat.

Yolanda Larreategik eta Amaia Nollak tandem berezia osatu dute. Umetatik elkar ezagutzen duten lagunek bat egin eta bien artean haurrentzako liburu bat argitaratu dute Erein argitaletxeagaz batera. Larreategik tiradera batean gordeta zeukan testua, eta argitaletxeren bati interesatuz gero, argitaratzeko prest zegoen. Baina ez zuen testu soil bat aurkeztu nahi. Jada buruan zituen pertsonaien irudiekin batera joatea nahi zuen. Eta Amaia Nollagaz gogoratu zen, eskolako lagunaz. «Dena gurpila zen haren etxean, eta autoak eta motorrak irudikatzen zituen, baita karikaturak ere, eta horretan ez bada aritu ere, beti eduki du esku ona», dio Larreategik.
Ustekabeko deia izan zen, baina Nollak proposamena onartu eta bere lagunari abentura berri horretan laguntzea erabaki zuen. Nahiz eta esperientzia faltagatik arazo bat edo beste eduki, oso modu eraginkorrean konpondu dituzte, eta gurasoen eta seme-alaben artean onarpen handia edukitzen ari da Gurasoak tokatzen zaizkit liburua.
Nollari WhatsAppetik Amaia proposamen bat egingo dizut, nahi baduzu pikutara bidali ahal nauzu, baina testu bat daukat, eta zuk irudiak egitea nahiko nuke mezua bialdu ziola gogoratu du Larreategik. Eta harrituta geratu zen Nolla. «Etxean eta etxerako egin ditut lanak, baina sekula ere ez kalera begira. Hala ere, proposamenak zer edo zer piztu zidan. Garrantzitsua izan da Yolandaren bultzada. Nik beste lanbide bat daukat, beste zeregin batzuk, eta haren bultzadarik barik ez nintzen marrazten hasiko. Astia atera behar da honetarako», dio.
Umeen bizipen eta sentipenak islatu nahi izan ditu Larreategik liburuaren bidez, haien ikuspegitik abiatuta. Gurasoak bananduta dituzten haur batzuk dira liburuko protagonistak. «Ate ostetik entzuten du batek gurasoak asteburu horretan umeak tokatzen zaizkiola esaten. Eta, alde batetik, pentsatzen du, agian, ez dituztela maite horrenbeste, eta bestetik, ez dituztela salduko beste plan bat egiteagatik. Alde gazi-gozoa».
Larreategik, irakaslea izanik, baditu gurasoak banatuta dituzten ikasleak, eta egoera horretan ikusi ditu batzuetan: «Ez dakite non dituzten gauzak ere, aitaren etxean edo amarenean. Ez dut inor errudun sentitzerik nahi, baina umeak hori jasaten ari dira, egunero ikusten dugu hori eskolan. Agian, gurasook gure hizkera zaindu beharko genuke apurtxo bat, zelan esaten ditugun gauzak pentsatu. Ez dira fede txarrez esaten, baina horrelako hitzek min eman dezakete».
Bere bizitzako beste pasarte batzuk ere barneratu ditu Larreategik istorioan. «Ate atzetik entzuten ari den ume horrek gaixotasun bat daukan biki bat dauka. Behin Gurutzetako ospitalean nengoela nire seme-alabekin, neurologian zegoen ume bat ikusi nuen, mikrozefalia zeukana, eta oso gogorra iruditu zitzaidan, barrua mugiarazi zidan».
Bien artean erabaki dute istorio horretako pertsonaien itxura, eta biek bat egiten zutela azpimarratu du idazleak. “Testua ulertu zuen nik aditzen dudan moduan”, dio Larreategik
Patxi Puzker izeneko beste pertsonaia bat ere barneratu du, zapaltzailea. «Bera ere zer edo zergatik da horrelakoa, badauka bere motxila». Bikien amama ere garrantzitsua da liburuan. «Harreman estu eta berezia daukate beragaz». Miren da beste protagonistetako bat. «Horrek ere gurasoak bananduta ditu, eta etxerik etxe doa batera eta bestera».
Oinarria gurasoen banaketak eragindako sentipenak badira ere, umeei eragiten dien beste hainbat gai ere barneratu ditu Larreategik.«Pentsatu arazi eragiten duen liburua da. Guraso zein umeak sentituko dira identifikatuta».
Irudiak. Irudiek eskuz egindako marrazkien goxotasuna daukate. Egongelako mahaian irudikatu ditu Nollak flexo baten azpian. Larreategik, ordea, ezkaratzeko mahaia izan zuen lantoki. Bien artean erabaki dute istorio horretako pertsonaien itxura, eta biek bat egiten zutela azpimarratu du idazleak. «Testua ulertu zuen nik aditzen dudan moduan, agian, oso lagun onak garelako eta gauza askotan bat egiten dugulako, eta pertsonaiak nik ikusten nituen modura ikusten zituen».
Pertsonaia bakoitzaren ezaugarriak zehaztu eta ekinean hasi zen Nolla. Aitortu duenez, koloreagaz galduta ibili da. «Hiru dimentsiotako irudiak egiten nituen, baina koloreagaz izorratu egiten nituen. Horregaz nahikoa desesperatuta ibili naiz, ez neukan teknikarik eta». Baina ekin eta ekin, lortu zuten emaitza.
Nolla: “Umeak gozoak dira, eta kolorea ikusten dute, orduan umeen begietatik ikusita, irudiek ere horrelakoak izan behar zuten”
Konfinamenduak zailago egin die elkarlana, baina telefonoz moldatu dira, eta digitalizatzeko momentua heldu denean batu dira. «Nire eskanerragaz hasi ginen, baina ikusten genuen kalitatea galtzen zuela», azaldu du Larreategik. «Eskuzko koloreak direnez, pigmentua galtzen dute», argitu du Nollak. Oztopo handia izan zen hori. «Ukituak ematen hasi ginen, baina ez zen gauza bera. Digitalizatuta ondo geratuko zela uste bagenuen ere, faltsua gelditzen zen, oso zatarra», oroitu du Larreategik. «Beste margo batzuk erosi behar izan nituen, lapitzak, bestela pigmentu dena jango zuen digitalizazioak. Hala ere, gauza batzuk akuarelagaz mantendu ditut», zehaztu du Nollak.
Gozoak. Irudi gozoak izan behar zirela pentsatu zuten, «testuak baditu-eta bere mingots zatiak, bizitzaren modura», dio Larreategik. «Umeak gozoak dira, eta kolorea ikusten dute, orduan umeen begietatik ikusita, irudiek ere horrelakoak izan behar zuten», azaldu du Nollak. «Euren erakoak izan behar zuten, identifikatuta sentiarazten dituztenak», gaineratu du Larreategik.
Liburuaren esentzia Larreategiren eta Nollaren arteko elkarlanean egon da. «Argitaletxera bidali genuenerako, dena eginda geneukan. Pastela labean sartuta zegoen jada», zehaztu du Nollak
Argitaletxeagaz berbetan. Testua irudi bigaz bidali zuen Larreategik Ereinera, ilustratzailearen proposamena ere bazuela esanez, baina beldur ziren testua onartu eta irudiak baztertuko ote zituzten. Baina baiezkoa jaso zuten argitaletxetik; ados zeuden irudiekin ere. «Elkarregaz argitaratzeko geratu ginen, eta testua onartzea eta ilustrazioak ez onartzea ez zen aukera bat», azaldu du Larreategik. Nollak, berriz, argitaletxeak irudiei ezetz esanez gero, lagunak aukera bat galdu zezakeela ikusten zuen, eta ez zuen hori nahi. «Berak bere bidea jarraitu behar zuen. Ereinek nire ilustrazioak onartu ez balitu, ulergarria izango litzateke niretzat, baina ez nuen nahi Yolandak aukera hori galtzerik».
Liburu horren esentzia, baina, elkarlan horretan egon da. «Argitaletxera bidali genuenerako, dena eginda geneukan. Pastela labean sartuta zegoen jada», zehaztu du Nollak. Gainera, eurek egin nahi zuten aukeraketa guztia. «Azalean zein irudi joango zen ere guk aukeratu nahi genuen». Eta horrela egiten utzi diete. «Lan polita izan da, oso pozik geratu naiz. Nire saltsan ibili naiz. Beti geratu izan zait zerbait egiteko gogoa, eta lan honek nire zaletasuna berrartzea ekarri dit», azpimarratu du ilustratzaileak.