Labiren azken erabakia: Gauerditik 06:00etara kalean bizikideen topaketak onartuko dira bakarrik
Labiren batzorde teknikoak izurriari aurre egiteko neurri hori hartzea proposatu du, eta Jaurlaritzak dekretu bidez onarpena eman dio. Neurria uztailaren 16tik aurrera egongo da indarrean.
Araba, Bizkai eta Gipuzkoan COVID-19aren izurria kontrolatzeko neurriak hartzen dituen Labi batzordearen bilera teknikoa egin dute gaur [uztailak 14]. Jakina zen bertan neurri berriren bat hartuko zutela, eta ondokoa erabaki dute: gauerditik 06:00tara bizikideen topaketak bakarrik onartuko dituzte kalean, bihar [uztailak 16] gauerditik aurrera. Hala, ezingo dira jende multzoak elkartu espazio publikoetan gauez. Era horretan, jai giroko jende topaketak ez egitea dute helburu, egunotan kasuetan egon den igoeraren sorburua halako topaketetan dagoela uste baitute adituek.
Jaiak bertan behera utzita daude berez, baina jaietako egunen bueltan izan dira jende pilaketak hainbat tokitan, eta horien ondoriozko kasuen goraldiak ere bai. Labik neurria proposatuta, telematikoki onartu dute gero.
Gaur eguerdian [uztailak 14] herritarrei zuzendu zaie Eusko Jaurlaritzako lehendakari Iñigo Urkullu, eta orain dagoen egoera gainditze aldera, maskarak erabiltzeko deia egin du: «Maskarak, maskarak eta maskarak». Ez du beste iragarpenik egin. Indarrean dauden neurriak betetzeko eskatu du behin baino gehiagotan.