Mutriku Jai Alai Master Series, ate joka
Zapatuan [uztailak 17] jokatuko dituzte finalerdiak, eta uztailaren 23an final handia. Goixarri anaiak, Jon Goenaga eta Mikel Manzisidor mutrikuarrek izen handiko pilotariekin bikotea osatuta lehiatuko dute txapelketa.
Zesta-puntaren ikuskizun handia hartzeko prest dago Miruaitz pilotalekua. Zapatuan [uztailak 17] hasiko dute Mutriku Jai Alai Master Series, eta Madalen Egunaren biharamunean, uztailaren 23an [barikua] jokatuko dute finala. Herriko jairik ospatu ezin badute ere, zesta-punta txapelketak ezin zuen hutsik egin, eta goi mailako jokoaz gozatzeko aukera edukiko dute zale mutrikuarrek zein ingurukoek.
Zapatuko finalerdietan, Aratz eta Ekaitz Mendizabal (Goixarri III.a eta II.a), Mikel Manzisidor eta Jon Goenaga etxeko pilotariak ariko dira euren irakastoki izan den frontoi preziatuan. IƱaki Osa Goikoetxea zumaiarrarekin batera osatuko du bikotea Goixarri III.ak eta Manzisidor eta Xabi Barandika gernikarra gainditu beharko dituzte finalean sartzeko. Gaueko bigarren finalaurrekoan, Goixerri II.ak eta Unai Lekerika atzelari gernikarrak Goenagaren eta Aimar Aldazabal berriatuarraren kontra jokatuko dute.
Finalaurrekoetarako zein finalerako sarrerak eskuragai daude; 15 eurotan ipini dituzte salgai
Finalerako txartelak garesti egongo dira. Lehia estuak, finalerdi parekatuak izatea espero da, eta zortzi pilotariak joko onarekin euren maisutasuna erakustera kantxaratuko dira, ikusleen gozamenerako. 22:00etan hasiko da pilota jaialdia, eta finalaurrekoetarako zein finalerako sarrerak dagoeneko eskuratu daitezke, 634 42 65 88 telefono zenbakira deituta. 15 eurotan ipini dituzte salgai. 240 bat pertsonako muga daukate, eta beraz, aurretiaz telefonoz denak saltzen ez badituzte, partiduen egunetan txarteldegian ere hartu ahalko dira.
Danok Bateko ordezkariek gogoratu dute COVID-19aren kontrako protokoloa zorrotz beteko dutela, eta publikoari ere neurriak bete eta erantzukizunez jokatzeko eskatu diote. Sarreran tenperatura hartuko diote jendeari, eta maskara une oro ipinita edukitzea eskatu dute.
Euskal Herriko denboraldi bete-betean daude euskal puntistak. Esaterako, zaleek Markina-Xemeinen daukate hitzordua barikuan [uztailak 16], Karmen Egunean, eta domekan [uztailak 18]. Barikuan Goikoetxea-Zabala eta Arbe-Lopez bikoteak lehiatuko dira domekako finalerako txartelaren bila (Beaskoetxeak eta Lekerikak lortu zuten txartela lehen finalerdian).
Danok Bateko kideen hitzetan, egutegia estua bada ere, beti saiatzen dira “izen handiak” ekartzen eta gazte eta beteranoagoen artean bikoteak osatzen: “Goiko, Leke, Barandika, Aimar… Danian jokatzen duten profesionalekin gureak nahastuta, joko polita espero dugu. Finalaurreko politak eta berdintsuak izango direla pentsatzen dugu. Iaz ere estu-estuak izan ziren, eta ea aurten ere horrelakoak diren. Joko handia emango dutela espero dugu”.
FINALERDIAK (UZTAILAK 17, 22:00)
- Goikoetxea-Aratz VS. Barandika-Manzisidor
- Goixerri-Lekerika VS. Goenaga-Aimar