Ondarroako Arrigorri hondartzan metro karratuko 7,3 mikroplastiko aurkitu dituzte
‘Mater’ ontzi museoak zabor bilketak egiten ditu geldialdia egiten duen herrietan. Ondarroan egon denean ondorioztatu dute hondartzan metro karratuko 7,3 mikroplastiko daudela. Ontzi museoa Mutrikura helduko da martitzenean [uztailak 20].
Zigarrokinak, plastiko zatiak eta poliespana dira nagusi Ondarroako portuan eta Arrigorri hondartzan. Hori ondorioztatu dute Mater ontzi museoa Ondarroan egon den bitartean egindako azterketa batetik. Ondarroa, baina, ez da salbuespena. Izan ere, ontzi museoak antzeko ondorioak atera ditu Getariako Malkorbe hondartzan eta Hondarribiko portuan egindako zabor bilketetan ere.
Ontzi museoak zenbat zabor dagoen aztertzen du geldialdia egiten duen herrietako portuetan, hondartzetan eta zenbait herritan baita ere urpean. Oro har, bestelako zaborraz gain, plastiko zatiak non-nahi daudela diote, “beti bezala!”.
Hondartzak, aztergai. Plastiko hondakinek lur planetan sortzen duten kaltea dela eta, mikroplastikoak neurtzeko ariketa ere egin dute hainbat herritan, baita ere Ondarroan. «Mikroplastikoak 5 milimetro baino gutxiago neurtzen duten plastiko hondakinak dira». Ondarroako Arrigorri hondartzan, esaterako, metro karratuko 7,3 mikroplastiko daudela ondorioztatu dute.
Azterketa egiteko hiru lagin hartzen dituzten hondartzetan: marea goran ura heltzen den eremuan, hondartza erdian eta hondartza sarreran (IKUSI BIDEOA, BEHEAN). Mikroplastikoak ia leku guztietan daudela diote, eta horretaz jabetzeko herritar guztiak ariketa hori egitera animatu dituzte.
Ondarroan egon eta gero, ontzi museoa Mutrikura helduko da martitzenean [uztailak 20]; hilaren 22ra arte egongo da Mutrikun. Eta herritarrei antolatzen dituzten ekintzetan parte hartzeko gonbitea egin diete. «Kontsumo ohiturak aldatu behar dira itsasora eta itsasotik geure gorputzera iristen diren hondakin gehiago eta gehiago prebenitzeko».