Turismoa sustatzeko ekimenetan "euskara oso kontuan hartzeko" eskatu du Markina-Xemeingo EH Bilduk
Herriko turismo webguneari buruzko kezka batzuk azaldu dituzte. Hizkuntza aukera ezberdinen artean "euskara beste hizkuntzen atzetik, azkenengo postuan ageri dela" azaldu dute.
Orain dela gutxi, Lea-Artibai eta Mutrikuko HITZAren turismo gehigarrian Markina-Xemeini buruzko erreportaje bat agertu dela gogora ekarri du Markina-Xemeingo EH Bilduk, eta gida hori Euskal Herrian zehar banatuta, Markina-Xemein turismoaren mapan, eta are gehiago euskaldunen bisita zerrendetan sartzeko “aukera ederra” iruditu zaie. Baina, herriko turismo webguneari buruzko kezka batzuk azaldu dituzte.
Jakitera eman dutenez, aurreko agintaldiko Turismo Mahaian Markina-Xemein “herri euskalduna dela eta euskaraz bizitzearen garrantzia webgune horretan islatzeko modua” bilatzen hasi ziren. “Baina ikusten denez, bide hori bertan behera geratu da”, diote. Web orrialdeari .eus domeinua ere jarri zioten orduan, baina, “zoritxarrez, gaur egungo udalak berriro .com-era” aldatu duela esan dute. “Horrez gain, webguneari izena aldatu nahi izan dio Udalak, eta visitmarkinaxemein jarri. Guk aurkako jarrera argudiatu genuen, eta azkenean ere ez du irten aurrera ideiak”.
Gainera, Markina-Xemeingo Turismo webgunean “euskara beste hizkuntzen atzetik, azkenengo postuan ageri dela” azpimarratu dute: “Webgunean Markina Xemein ageri den lekuan, azpian, hizkuntza aukera ezberdinak daude: ingelesa, gaztelania, frantsesa eta azkenik, euskara. Berriro ere euskara beste hizkuntzen atzetik, azkenengo postuan”. Eta EH Bilduren ustez, “lehenengo egon beharko luke, eta gainerakoak aukeran”.
Turismoa sustatzeko ekimenak ontzat jotzen dituzte, baina “euskarari leporik eman barik”: “Euskara gure ondarearen parte oso garrantzitsua da, eta ezinbestekoa da euskaraz bizitzeko egiten dugun ahalegina hor islatzea”.