Lekeitioko lehen osasun arreta zerbitzua "egoera kritikoan" dagoela salatu du EH Bilduk
Diotenez, "dituzten baliabideekin ezin diete une honetan dituzten erabiltzaile guztiei arreta eman". Lekeitiora uda eta eguna igarotzera datozenei herri txikietakoak batu zaizkie orain.
Herri txikietako kontsultategietan udan ere aurrez aurreko arreta jasotzen segitzeko aldarrikapena, Lekeitioko osasun etxe aurrean. Argazkia: Igor Gabiola. EH Bilduk azaldu duenez, joan den asteko barikuan jakin zuten HITZA egunkariaren bidez hainbat herri txiki kexu direla Osakidetzak mediku kontsulten zerbitzua murriztu duelako. Egoera horretan aurkitzen dira besteak beste Lekeitio inguruko herri txikietako biztanleak. Horiek Lekeitiora joan beharko dira aurrez aurreko arreta jasotzera. Hori dela eta, Lekeitioko osasun etxeko egoera zein den jakin nahi izan du EH Bilduk, eta bertako hainbat profesionalekin hitz eginda, egoera “benetan zaila” dela jakin dute.
Izan ere, uda garaian Lekeitiok herriko biztanleria hirukoiztu egiten du, eta horri batu behar zaie, eguraldi onagaz Lekeitiora eguna pasatzera doazenak. “Hala eta guztiz ere, azken urteetan ez dago udako zerbitzua indartzeko ez medikurik ezta erizainik ere”, azaldu dute.
Aurten, baina, aurretik zaila zen egoera hori “muturrekoa bihurtu dela” gaineratu dute, hori baieztatzeko arrazoiak emanez: “Familia-mediku batek utzitako lanpostuak hutsik jarraitzen du oraindik eta ginekologia kontsulta astero edukitzetik hamabostean behinera pasatu zen. Iazko martxoan erabat kendu zuten plaza hau eta Gernikan zentralizatu. Kontuan hartu behar dugu garraio publikoan bidaia oso luze eta desatsegina dagoela Lekeitiotik Gernikara. Eta horri gehitu behar diogu Mendexa-Amorotoko medikua lekuz aldatu eta hango herritarrak Lekeition artatzera behartu dituztela”.
Horrez gain, medikuen eta emaginen oporrak ez direla ordezkatzen jakin dute EH Bildukoek. “Gainontzeko medikuek hartzen dituzte bere gain erabiltzaileak, emaginaren kasuan, alboko herrietako emaginek, eta arreta zerbitzuetako langileak sekulako dei eta erabiltzaile kopururik handiena kudeatzen dute, horiek ere kide gutxiagogaz”.
EH Bildurentzat egoera guzti horren ondorioa argia da: “Lekeitioko osasun etxean ezin digute behar dugun arreta eman denoi: herritarroi, inguruko herri txikietakoei eta udara zein eguna igarotzera datozenei”. Esan dute ez dakitela horren aurrean Osakidetzak zeintzuk arrazoi ematen dituen: “Herri txikietan dio, udan, neguagaz alderatuta eskaria %33 jaitsi dela, baina Lekeitioren kasuan eskari horrek goia jotzen du. Aski da, ez dago aitzakiarik. Nekatu gara bigarren mailako arreta jaso eta eskaintzeaz. Gure eskualdea ere mapan egotea aldarrikatzen dugu”.