1.000tik gorako tasa daukate Mutrikuk eta Etxebarriak
Atzo [uztailak 15] COVID-19arekin kutsatutako 17 kasu erregistratu zituzten Lea-Artibai eta Mutrikun: 8 kasu Mutrikun erregistratu zituzten, 3 Ondarroan, 2 Markina-Xemeinen, 2 Etxebarrian, 1 Lekeition eta 1 Amoroton. Sei herri horietako tasak igo egin dira, baita lurraldeetakoak ere.
Beste egun batez, Lea-Artibai eta Mutrikuko egoera epidemiologikoak okerrera egiten jarraitzen du. Hala, atzo [uztailak 15] beste 17 kasu erregistratu zituzten HITZAren eremuan; kasu gehien Mutrikun erregistratzen jarraitzen dute. Atzo sei herritan erregistratu zituzten kasuak: Mutriku (8), Ondarroa (3), Markina-Xemein (2), Etxebarria (2), Lekeitio (1) eta Amoroto (1). Ondorioz, herri horietako intzidentzia tasak igo egin dira, eta Mutrikuk eta Etxebarriak 1.000tik gorako tasa daukate gaur [uztailak 16]
Lurraldeak. Arabak 348,57ko tasa dauka (36 puntu igo da), Bizkaiak 395,63koa (43 puntu igo da) eta Gipuzkoak 553,26koa (44 puntu igo da).
Herriz herriko intzidentzia tasa (eguneratuta):
- Amoroto: 481,93 (241 puntu igo da)
- Aulesti: 149,70
- Berriatua: 79,55
- Etxebarria: 1.073,83 (268 puntu igo da)
- Gizaburuaga: 0
- Ispaster: 0
- Lekeitio: 276,74 (14 puntu igo da)
- Markina-Xemein: 218,91 (39 puntu igo da)
- Mendexa: 847,46
- Munitibar: 0
- Mutriku: 1.035 (132 puntu igo da)
- Ondarroa: 140,07 (35 puntu igo da)
- Ziortza-Bolibar: 455,58
Lea-Artibai eta Mutrikuko egoera epidemiologikoaren bilakaera, azarotik:
Egoera nola dagoen ikusita, Labi batzordeak herenegun [uztailak 14] neurri berria ezarri zuen: gauerditik 06:00etara kalean bizikideen topaketak onartuko dira bakarrik. Eta neurri hori atzo [uztailak 15] gauerdian sartuko zen indarrean. Iñigo Urkulluk osasun arauak betetzeko eskatu du, hala nola, jende pilaketarik ez sortzea, distantzia gordetzea eta maskara erabiltzea. “Toki batzuetan hori betearazi beharko dute Ertzaintzak eta Udaltzaingoak. Baina norberarengandik hasi beharko liratekeen kontuak dira”.
Bestalde, Espainiako Auzitegi Konstituzionalak alarma egoerako bi neurri baliogabetu izanaz ere bere iritzia eman zuen Lehendakariak. “Nik, behintzat, ez dut Espainiako Auzitegi Konstituzionalak ebatzitakoarekin bat egiten. Bete beharrekoa da, baina ulertezina egiten zait”.