Omenaldi beroa jaso du Mañukortak
Oroigarria eta otzara bat sagardo eta gaztarekin oparitu zion Markina-Xemeingo Bertso Eskolak. Oholtzara ere igo zen larruskaindarra, eta kopla bi ere eskaini zituen.
Urte luzeetan bertsolaritzan egindako ibilbidea aitortu zioten zapatuko [uztailak 17] Bertso Saioan Gregorio Larrañaga Mandiola Mañukorta bertsolari markina-xemeindarrari. Bertsolaritza munduan ezaguna bada ere, bertsolaritzatik haratago ere ezaguna da Mañukorta, eta beraz, Markina-Xemeingo Uhagon kulturguneko omenaldian ez zen jenderik falta izan.
Plazaz plaza aritu den urte guztietan, hainbat bertsolarigaz bat egin du oholtzan Mañukortak, eta zelan ezagutu zuten kontatu zuten bertsotan Andoni Egañak, Julio Sotok, Jone Uriak eta Iratxe Ibarrak. Umorerik, beraz, ez zen falta izan, ezta momentu hunkigarririk ere. Oholtzara ere igo zen larruskaindarra, zaintzaileak lagunduta, eta kopla bi ere eskaini zituen.
Argazki bat bertso bategaz, eta sagardo eta gaztagaz betetako otzara bat oparitu zion Markina-Xemeingo Bertso Eskolak, eta Joseba Artza Urta igo zen oholtzara Bertso Eskolaren izenean, oroigarriko bertsoa abestera. Mañugaz bizitakoak kantatu zituen baita ere Andoni Egañak Amaia Errasti gai jartzaileak hala eskatuta, eta entzule bat baino gehiago hunkitu zen.
Gregorio Larrañaga Mandiola Xemeingo Larruskain auzoan jaio zen 1943an, Mañukorta baserrian. Nekazari eta fabrikako langile egin izan du beharra. Soldadutza amaitu orduko, 1967an, Ameriketara joan zen osabagaz, artzain. Sei urte egon zen han. Amaren familiatik jaso zuen bertsozaletasuna, eta bere kasa ikasi zituen bertso zaharrak. 60ko hamarkadan hasi zen jendaurrean kantatzen, baina 80ko hamarkadatik aurrera lortu zuen izena. 1989ko Txapelketa Nagusian finalaren atarian geratu zen.
Saio polita izan zen. Gai arinak jarri zizkien Errastik bertsolariei eta azkenerantz lehiaketa bat ere bai, bi bertsolari beste bien aurka aritu ziren.