Urrian hasiko dira Lekeitioko Basoaldea kalea eraberritzeko lanak
Proiektua onartu du Lekeitioko Udalak eta datozen egunetan aterako dute obra lizitaziora. Proiektua eratu aurretik auzotarrekin batu direla azaldu dute.
Basoaldea auzoa berrurbanizatuko duen proiektua onartu du Lekeitioko Udalak. Lan horien bidez auzoa eraberrituko duten lanak gauzatu nahi dituzte. Horretarako, datozen egunetan obrak lizitaziora aterako dituztela jakitera eman du udalak.
Azaldu dutenez, kalearen urbanizazioa berrituko dute, “iriste erraztasun baldintzak lehenetsiz, espaloien gutxieneko zabalera bermatuz eta aparkalekuak berrantolatuz”. Aldi berean, saneamendua eta euri uren zein ur-hornidurako sareak ordezkatuko dituztela gaineratu dute, baita argiteria publikoa ere.
Udalak jakinarazi duenez, proiektua onartu aurretik, auzokideekin batu dira, eta haien iritzi eta ekarpenak jaso dituzte. Lanek 550.000 euro inguruko kostua izango dute, eta urrian hasiko dira.