Abuztuaren hasierarako egongo da erabilgarri Mutrikuko San Migel udal futbol zelaia
Lanak bi bat aste atzeratu dira. Abuztuaren 5erako dena prest edukitzea espero du lanetaz arduratzen ari den enpresak.
Mutrikuko San Migel udal futbol zelaiko belar artifizial berria ipintzen hasi dira egunotan. Aurreko astean ailegatu zen Herbeeretatik belar artifiziala, eta dagozkion prestaketa lan guztiak egin ondoren, geruzak banan-banan ipintzen hasi dira. Lanak hasiera batean barikurako [uztailak 23] amaitu behar bazituzten ere, zer edo zer atzeratu egingo direla iragarri duteĀ Zehaztu dutenez, abuztuaren 5erako erabilgarri egongo da zelaia. “Atzerapen hori udalaz kanpoko arrazoi bategatik eman da. Lanetaz arduratzen den enpresak bestelako zeregin batzuk eduki ditu, eta horregatik atzeratu dira lanak. Abuztuaren 5erako dena prest edukitzen saiatuko direla esan digute”.
Belar artifiziala ipintzen amaitu ondoren, seinaleztapen eta margoketa lanak egingo dituzte; futbol 11n eta 8an eta errugbian jokatzeko moduan prestatuta utziko dute zelaia. Azken ukituak eman eta gero, kirol ekipamendua ipiniko dute.