Lehen Mundu Biran euskaldunek eduki zuten parte hartzea nabarmendu dute Lekeition
Juan Sebastian Elkano getariarra kapitain zela egindako lehen mundu biraren V. mendeurrena eta haren testuingurua gogoratzeko konpromisoa hartu dute. Nikolas Artieta lekeitiarraren parte hartzea ekarri dute gogora.
Orain dela bi urte Getarian egindako ekitaldiaren lekukoa hartu eta duela 500 urte egin zen munduaren lehen itzulia gogora ekarri dute gaur [uztailak 20] Lekeition. Bizkaiko, Gipuzkoako eta Iparraldeko erakundeetako ordezkariak elkartu dira ekitaldian, eta gertakari horren testuinguru historikoan euskal ekarpenak eduki zuen garrantzia azpimarratu eta Juan Sebastian Elkano getariarra kapitain zela lehen mundu biraren V. mendeurrena eta haren testuingurua gogoratzeko konpromisoa hartu dute.
Gaurko eguna [uztailak 20] aukeratu dute, hain zuzen ere, gaurko egunez orain dela 503 urte, 1518ko uztailaren 20an, Nikolas Artieta lekeitiarrak Espezieen uharteetara abiatuko zen flota hornitzeko enkargua jaso zuelako, eta, azkenean, hori izan zen munduari lehen aldiz bira eman zion flota. Azaldu dutenez, Artieta, gainera, Santa Catalina de Siena izeneko ontziaren jabea zen, 110 toneleko ontzia. Ontzi horrek Trinitate izena hartu zuen, eta espedizioko itsasontzi nagusi bilakatu zen, hau da, Magallaesen ontzia izan zen.
Koldo Goitia (Lekeitioko alkatea): “Kaurko konpromisoa da datorren urtean, ahal dugun neurrian, kostaldeko udalak batzen gaituen itsaso hori daukagun udalerriok eta mundu biran zerikusia eduki zuten udalerriak efemeride hori ospatzea”
Koldo Goitia Lekeitioko alkateak eta Haritz Alberdi Getariako alkate eta Elkano 500 Fundazioko presidenteak hartu dute hitza ekitaldian, eta efemeride hori eta Euskal Herriak lehen mundu biran izan zuen eginkizuna gogoratu eta itsasoari lotutako ondare historiko komun baten garrantzia azpimarratu dituzte.
Artietaren ekarpena nabarmendu du Lekeitioko alkateak: “Askotan bigarren ilaran edo atzean daudenak ez dira ezagunak. Beti dira Magallanes edo Elkano, baina Nikolasek ere bere eginkizun garrantzitsua eduki zuen bai espedizio honetan bai hurrengoetan ere”. Adierazi duenez, “asmo argi bategaz” hurbildu dira gertaera honetara: “Datorren urtean 500 urte beteko dira Elkano eta bere tripulazioa irten zirela, eta gaurko konpromisoa da datorren urtean, ahal dugun neurrian, kostaldeko udalak batzen gaituen itsaso hori daukagun udalerriok eta mundu biran zerikusia eduki zuten udalerriak efemeride hori ospatzea”.
Haritz Alberdi (Getariako alkatea): “Guri dagokigu horrelako pasarte desberdinak mahai gainean jarri eta iraganaren inguruan hausnarketa egitea, oraina ulertzeko eta bereziki etorkizuna eraikitzeko”
Getariako alkate eta Elkano Fundazioko presidenteak azpimarratu duenez, “gurea historia partekatua da, itsasoari lotutako herri guztiak batzen dituena, bai kostaldekoak, bai barrualdekoak”. Kontakizun historikoa datu fidagarrietatik abiatuta berreraiki behar dela adierazi du, “hurbilketa lerratuak murrizteko”. Eta horregatik, gaur egindako oroitzapena “ezagutza berriak sortzearekin” lotu nahi dutela azaldu du: “Uste baino historia luzeagoa dugu herri honetan, eta guk gure historia ez badugu kontatzen, besteek kontatuko dute. Eta kontatuko dute kontatu izan duten bezala eta kontatu nahi duten bezala edo gutxienez beraien betaurrekoekin. Guri dagokigu horrelako pasarte desberdinak mahai gainean jarri eta iraganaren inguruan hausnarketa egitea, oraina ulertzeko eta bereziki etorkizuna eraikitzeko“.
Adierazpena. Juan Manu Ugartetxea historialariak Lekeitiok, eta batez ere Artietak lehen mundu biran izan zuen zeregina azaldu du ondoren, eta Lekeitioko Ituna irakurri dute jarraian, euskaraz, gaztelaniaz eta frantsesez, Isabel Mendiguren Laka Lekeitioko alkateordeak, Izaskun Gomez Pasaiako alkateak eta Jean Louis Fournier Azkaineko alkateak.
Lekeitioko Itunaren bidez lehen mundu biraren V. mendeurrena eta haren testuingurua gogoratzeko konpromiso kolektiborako gonbidapena jaso dute Lekeitioko ekitaldian egon diren kostaldeko herrietako 34 alkate eta zinegotziek, tartean Lea-Artibai eta baita Mutrikukoek ere. Ekitaldian egon dira baita ere Eusko Jaurlaritzako, Euskal Hirigune Elkargoko, Bizkaiko Foru Aldundiko eta Bizkaiko Batzar Nagusietako ordezkariak, bai eta Elkano 500 Fundazioko arduradunak.
Ekitaldiaren ostean, erakundeetako ordezkariak berreskuratzen ari diren Mendieta ontziolan egon dira bisitan. Trinidad ontzia Lekeitioko ontziola batean egin zela uste dute eta, beraz, orain dela 100 urte sortu zen Mendieta ontziolaren eraberritze lanak ezagutzera joan dira. Ontziola 2025erako berreskuratu nahi dutela argitu du Lekeitioko alkateak, Lekeitiok Hiribildu modura 700 urte betetzen dituenerako.