Zaldupe udal futbol zelaia auzolanean konpontzeko deia egin dute
Zapatuan [uztailak 24], 09:30ean, futbol zelaian bertan batzeko deia egin diete herritarrei eta zaleei. Bertaratzen direnei hamaiketakoa ere emango diete.
Ondarroako Zaldupe udal futbol zelaia eta inguruak txukuntzeko lanak egingo dituzte zapatuan [uztailak 24]. Besteak beste, zelaia, inguruak eta taberna margotu, belarra moztu eta garbiketa lanak egingo dituzte. Horiez gain, futbol 7ko ateei sareak aldatu eta futbol 11ko ateen atzean dauden burdinazko iragarkiak kentzeko asmoa ere badute, “baloia barrura sartzen denean ez irtetzeko errebotean”. Lan horiek guztiak auzolanean parte hartzera animatzen diren herritarren eta zaleen artean egingo dituzte. 09:30ean ipini dute hitzordua, futbol zelaian bertan.
Ekintzan parte hartzeko ez da izena eman behar, iragarritako orduan futbol zelaiara agertuta nahikoa izango dela esan dute. Bertaratzen direnek ez dute ezer eraman beharko, beharrezko material guztia antolatzaileek jarriko dute eskuragarri, baita hamaiketakoa ere. “Lan horiek guztiak egiteko 30 bat laguneko taldea beharko dugu. Laguntzeko prest bazaude, ez izan zalantzarik eta etorri laguntzera. Ahal dugun heinean Aurrerako zale guztion etxea dena hobetu eta txukunduko dugu. Batzuk ordubete ahalko dute, eta beste batzuk goiz osoa. Ez dio ardurarik, bakoitzak ahal duena, laguntza guztia ongietorria izango da”.
Datozen hilabeteetan harmailak, jokalarientzako aulkiak eta zelaia inguratzen duen sarea ere konponduko dute
Mikel Santiso Aurrerako presidenteak iragarri duenez, bestelako hobekuntza lan batzuk ere egingo dituzte datozen asteetan Zaldupen. Besteren artean, 5.000 euro inguru inbertituko dituzte harmailak berritzen; zehazki, bizkarralde bariko 300 bat jarleku ipiniko dituzte. Jokalarientzako aulki berriak ipintzen beste 6.000 euro inbertituko dituzte. “Daudenak oso zaharkituta daude, eta aldatzea erabaki dugu. Aulki berriak, gainera, zelaiaren beste aldean ipiniko ditugu. Modu horretara, harmailen aldea ere libreago geratuko da”. Aurreikuspenak betetzen badira, irailerako ipinita egongo dira aulki eta harmaila berriak. “Ligako lehen jardunaldirako prest izaten ahaleginduko gara”.
Zelaia inguratzen duen sarea ere konpontzeko asmoa agertu du zuzendaritza batzordeak. “Lan horietarako 25.000 euro inguru gordeko ditugu”. Sarea Gabonetarako aldatuta edukitzea espero dute. “Lan horiek Ondarroako hornitzaileekin egitea aztertzen ari gara; aurrekontu bat baino gehiago daukagu mahai gainean”.
Hobekuntza horiek eta auzolanean egingo dituzte lanak egiteko materiala ordaintzeko aurreko asteburuko bazkideen ezohiko asanbladan onartutako 50.000 euroko aparteko funtsa erabiliko dute. “Athleticek IƱigo Martinez fitxatu zuenean Realak Aurrerari egindako ekarpenetik zehazki 167.000 euro geratzen dira, eta hortik egingo ditugu egin beharreko inbertsioak. 2018an egindako ekarpenetik geratzen den kopuru hori bakarrik inbertsio estrategikoetan erabiltzen konpromisoa hartu genuen asanbladan; beti ere bazkideen oniritzia jaso ostean erabiliko genuke diru hori”.