Eusko Label Ligako eta Euskotren Ligako txapelketak jokatuko dira domekan Lekeition
Gaur goizean aurkeztu dituzte jokoan egongo diren bi banderak: XXXVI. El Correo Ikurriña-Kutxabank SN-Lekeitioko Udala eta X. Euskotren Bandera. 11:40ean hasiko dira estropadak.
Atzoko [uztailak 21] Euskadiko Txapelketaren ondoren, aste honetako bigarren estropada hartuko du domekan [uztailak 25] Lekeitiok. Eusko Label Ligako eta Euskotren Ligako zortzigarren jardunaldiak jokatuko dira oraingoan. Gaur goizean [uztailak 22] aurkeztu dituzte jokoan egongo diren banderak, 36. El Correo Ikurriña-Kutxabank SN-Lekeitioko Udala eta X. Euskotren Bandera, Santi Zumaran Isuntza Arraun Elkarteko lehendakariak, Koldo Goitia Lekeitioko alkateak, Lorea Bilbao Euskara, Kultura eta Kirol Saileko foru diputatuak eta Edriga Aranburu Bizkaiko Arraun Federazioko lehendakaria eta Isuntza Arraun Elkarteko kideak.
Lekeitioko alkateak estropadak bezalako kirol jarduerek herriarentzat daukaten garrantzia azpimarratu du. Alde batetik, kirol ikuspuntuari dagokionez, Lekittarra eta Isuntza Eusko Label Ligan eta ETE Ligan egotea, goi mailako taldeen artean egotea, “oso garrantzitsua” dela adierazi du Goitiak. “Lehian gogor ibiltzea espero dugu datorren urtean ere bertan mantentzeko. Izan ere, Lekeitiori lehiaketa handi bat ekartzeaz gainera, goi mailako estropadak eta goi mailan dauden kirolariak hor ikustea motibazio handia da atzetik datozen neska-mutilentzat”.
Bestalde, nahiz eta aurten pandemia dela eta ikusleei ez etortzeko deia egin eta ahal den neurrian estropadak etxetik ikustera animatu, horrelako jarduerek herrian “eragin ekonomiko nabarmena” daukatela gogora ekarri du. “Udan ditugun kirol ekintzarik eta garrantzitsuenak dira TKEko, Bizkaiko eta Euskadiko estropadak. Domekakoagaz amaituko dugu uztaileko estropaden egutegia datorren urtera arte”.
Lekeitioko alkateak eskerrak eman nahi izan dizkio herriko arraun elkarteari egiten duen lanagatik: “Eskerrak eman nahi dizkiot Isuntzari estropada guztiak antoatzen egiten duen ahaleginagatik. Horrek ere gazteei bizitasuna eta ilusioa ematen die aurrera jarraitzeko”.
Santurtzi, Zierbena, Hondarribi eta Orio ikusten dituzte Lekeitioko Eusko Label Ligako bandera eramateko faborito, baina Urdaibaik zelan erreakzionatzen duen ikusi beharko dela aipatu dute. “Guk talde polita daukagu, baina COVID-19 dela eta arraunlari bi ezin berreskuratuta ditugu. Taldean garrantzitsuak dira, baina gure modura ibiliko dira beste batzuk”, azaldu du Isuntzako Lehendakariak.
Lekeitioko norgehiagoka 11:40ean hasiko da, Euskotren Ligako estropadarekin, eta emakumezkoen bandera amaitzean hasiko da gizonezkoena. Lekeitioko txandak zapatuan [uztailak 24] Castro-Urdialesen lehiatuko den zazpigarren jardunaldiko emaitzen arabera erabakiko dira. Badirudi domekan, eguraldia aldeko izango dutela arraunlariek; metro bateko olatuak aurreikusten dira eta agian haize apur bat egongo da.