Lea-Artibaiko landa garapeneko proiektuak bisitatu dituzte Jaurlaritzako ordezkariek
Eusko Jaurlaritzak bi milioi euro inguru bideratu ditu Lea Artibai eskualdeko landa-garapenerako 54 proiektutara. Laguntza horien onuradun izan diren proiektuak bisitatu dituzte gaur [uztailak 22] goizean.
Mendexa Abentura Park, Villa Itsaso Hotela, Gizaburuaga udalerriko zerbitzu publikoen gunea eta Lea Ibilbidea oinezkoen pasealekua bisitatu dituzte gaur [uztailak 22] Bittor Oroz Nekazaritza, Arrantza eta Elikagaien Politikako sailburuordeak eta Jone Fernandez Landaren eta Itsasertzaren Garapeneko eta Europar Politiketako zuzendariak Lea-Artibai eskualdeko udalerrietako eta Landagarapen Elkarteko ordezkariek lagunduta. Proiektu horiek, beste batzuen artean, Erein eta Leader programen laguntza jaso dute, eta proiektuak bertatik bertara ezagutu nahi izan dituzte jaurlaritzako ordezkariek.
Aipatutako laguntza horiek landa izaera gradurik handieneko udalerrien sustapena, garapena eta dibertsifikazio ekonomikoa erraztea dute helburu, besteak beste enpresak sortu, handitu eta modernizatzea; besteren konturako kontratazioak egitea; azpiegitura eta oinarrizko zerbitzuak eraikitzea eta konpontzea; turismoa sustatzea; eta etxebizitzen eskuragarritasuna eta bizi kalitatea areagotzea.
Jaurlaritzak jakitera eman duenez, 2015-2021 urteen artean, Lea Artibai eskualdeak bi milioi euro inguru jaso ditu landa garapenerako laguntza gisa; guztira, 54 proiekturentzat 3,8 milioi eurotik gorako inbertsioak aurreikusi dira. Kopuru horretatik, 960.000 euro inguru Erein programatik jaso dituzte, erakunde publikoen hemezortzi proiektu eta sustapen pribatuko hamar proiektu finantzatzeko. “Guztira, 1,8 milioi eurotik gorako inbertsioa izan da. Proiektu horien artean aipatzekoak dira, adibidez, aterpetxerako sarbideak hobetzea, arte grafikoen enpresa bat martxan jartzea, baserriak eta auzoak argiztatzea, edo jolas eta abentura parke bat garatzea”, azaldu dute.
[zuzenean ARGAZKI GALERIA IKUSI]
Gainerakoa, milioi bat inguru, Leader laguntzei dagokie, eta 2 milioitik gorako inbertsioak aurreikusten dituzten 26 proiektu finantzatzeko erabili dira. Besteak beste, eskolak eraberritzera, bidegorrietan zerbitzuak jartzera, euri uren sarea konpontzera eta kirol eremuak egokitu eta hobetzera bideratu dituzte laguntzak.
Gizartea eta kultura dinamizatzeko proiektuei dagokienez, guztira bi proposamen lagundu dituzte diruz, 7.000 euro ingurugaz. Tximista Atletismo Taldeak antolatuta Lekeitiotik Ondarroara kostaldetik egiten den lasterketaren hirugarren eta laugarren edizioak izan dira ekitaldi horiek.