Ondarrutarrak seigarren eta zazpigarren sailkatu dira Euskadiko Traineru Txapelketan
Gizonezkoetan Hondarribiak eta emakumezkoetan Arraun Lagunakek irabazi dituzte banderak. Gizonezkoetan zein emakumezkoetan Gipuzkoako traineruek osatu dituzte podiumak.
Gipuzkoarrak nagusi izan dira aurtengo Euskadiko Traineru Txapelketan. Eguazten [uztailak 21] arratsaldean Lekeitioko uretan lehiatu zuten, eta senior kategoriako bi podiumetan Gipuzkoako klubak sartu ziren. Gizonezkoetan Hondarribiak eta emakumezkoetan Arraun Lagunakek irabazi zituzten banderak, eta beteranoetan Badok 13 Zarauzko taldea izan zen azkarrena. Bertoko ordezkarien artean, Ondarroa Arraun Elkartea gizonezkoetan seigarren eta emakumezkoetan zazpigarren sailkatu zen.
Gizonezkoen mailan, aurreko astean Gipuzkoako txapeldun geratu zen Hondarribiak 19.46,68 markagaz lortu zuen Euskadiko bandera preziatua. Jarrera lehiakor eta ausartagaz estropada bikaina egin zuen. Donostiarragaz lehia polita eduki zuen bigarren txandan, eta estropada amaieran 6 segundo eta 76 ehunen atera zizkion talde donostiarrari.
Oriorentzat izan zen brontzezko domina. San Nikolas ontzia izan zen lehenengo txandako azkarrena, eta Ama Guadalupekoa-rengandik 8 segundo eta 9 ehunenera sailkatu zen. Oriok estropada buruari eutsi zion hasieratik. Txanda berean Ondarroak Bermeogaz eduki zuen bigarren posturako lehia. Adibidez, azken ziabogan segundu bakarreko aldea eduki zuten; Oriorengandik 9-10 segundora eman zuten. Oriorengandik 7 segundo eta 94 ehunenera amaitu zuen Urdaibaik txanda, eta Ondarroak 10 segundo eta 4 ehunenera.
Emakumezkoetan, berriz, Arraun Lagunak Donostiako taldea nagusitasunez aritu zen. 10.38,20ko denboran amaitu zuten estropada, eta 11 segundo eta 27 ehunen atera zizkion Orio bigarrenari. Lehen txandako onena izan zen Donostiarrak osatu zuen podiuma; irabazlearengandik 17 segundo eta 6 ehunenera sailkatu zen. Arraun Lagunak, Orio, Deusto eta Ondarroa bigarren txandan lehiatu ziren. Ondarroak 11 minutu, 10 segundo eta 29 ehunenetan burutu zituen lanak, txapeldunarengandik 32 segundo eta 9 ehunenera sailkatu zen.
Beteranoak. 10 minutu, 49 segundo eta 24 ehuneneko marka egin zuen Badok 13 taldeak. 10 segundo eta 64 ehunenera sailkatu zen Fortuna txapeldunordea. Iberiak osatu zuen podiuma, 11.01,36ko denboragaz.