Tabernak 01:00etan ixtea eta herriguneetan maskara derrigorrezkoa izatea erabaki du Labik
Araba, Bizkaia eta GIpuzkoako Babes Zibileko Planaren aholku batzordeak (LABI) Koronabirusaren delta aldaerak Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan izaten ari den hedatzeari aurre egiteko neurri berriak erabaki ditu. Neurri berriak bihar [uztailak 23] sartuko dira indarrean.
EAEko Babes Zibileko Planaren aholku batzordeak (LABI) Koronabirusaren delta aldaerak Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan izaten ari den hedatzeari aurre egiteko neurri berriak erabaki ditu. Horien artetik, nabarmenenak dira jarduera ekonomiko guztien itxiera 01:00etara aurreratzea eta jendea ibiltzen den hiriguneetan maskara derrigorrezkoa egitea. Lokal eta instalazio guztietan gehieneko edukiera % 35ekoa izango da. Jarduera sozial eta kulturaletan eta kirol ekitaldietan bildu daitezkeen pertsona kopurua ere gehiago murriztuko dute. Neurri berriak bihar [uztailak 23] sartuko dira indarrean.
Maskararen erabilerari dagokionez, bere erabilera ez da derrigorrezkoa izango natur inguruneetan, igerilekuetan eta hondartzetan, betiere pertsonen arteko gutxieneko distantzia mantentzen bada.
Pandemia osoan egun bakarrean kasu positibo gehien erregistratu diren egunean iritsi dira neurri berriak. Izan ere, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan atzo [uztailak 21] erregistratutako errekorra berriro gainditu da gaur [uztailak 22], 2.235 kutsatu berrirekin.
Neurri gehiago ezartzea ere buruan dutela esan dute. «Ez dugu baztertzen auzitegietara joatea ere», azaldu du Urkulluk. Hainbat autonomia erkidegok, esaterako, etxeratze agindua ezarri ahal izateko jo dute dagoeneko auzitara babes eske, adibidez Nafarroak, eta Jaurlaritzak ere aukera aztertzen ari dela jakinarazi du. Autonomia erkidegoek izurriaren kontrako erabakiak hartzean «segurtasun juridikoa» edukitzeko, neurriak eskatu dizkio Urkulluk asteon Espainiako Gobernuko presidente Pedro Sanchezi, baina ez duela erantzunik jaso esan du.
Urkulluk erantzukizunez jokatzera deitu du. “Indarrean dauden neurriak betez gero, honetatik atera gintezke”.