Egoera ondo bidean bada, Labik irailean berrikusiko ditu neurriak
Batzorde teknikoak proposatu du abuztuaren bukaerara arte egungo neurriak mantentzea, eta, egoerak hobera egiten jarraituz gero, neurriak berrikustea irailean. Astelehenean batuko da Labi aholku batzordea.
Eusko Jaurlaritzako Labi aholku batzordea astelehenean [abuztuak 30] batuko da, neurri berriak hartu edo egungoak moldatu erabakitzeko. Gotzone Sagardui Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburuak azaldu zuen batzorde teknikoak proposatu duela abuztuaren bukaerara arte egungo neurriak mantentzea, eta, egoerak hobera egiten jarraituz gero, neurriak berrikustea irailean.
«Aldaketa esanguratsuak egon dira bilakaera epidemiologikoaren adierazleetan uztailaren amaieratik: azken olatuaren puntu gorenetik»: horrela azaldu zuen Sagarduik egungo egoera epidemiologikoaren bilakaera. Jakinarazi zuenez, Labik hiru helburu zehaztu ditu bilakaera epidemiologikoaren aldagai guztiak hobetu direla bermatzeko eta neurriak moldatu ahal izateko:
- Kurba epidemiologikoaren joera beheranzkoa izatea aurrerantzean ere
- Birusaren aldaera berriak kontrolpean edukitzea
- Txertaketa ahalik eta hedatuena egotea
«Ondo goaz. Halere, joeraren aldaketak ez du islarik izan ospitaleetako okupazioan eta ZIUetan», ohartarazi zuen Sagarduik. Ikasturtea hastear den honetan Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako ikasleen %56k txertoaren pauta bukatu gabe dutela gaineratu zuen Sagarduik, eta Osasun Sailak SMSak bidali dizkiela ordurik edo txertorik hartu ez duten 12 eta 24 urte bitarteko gazteei. Irailaren 13ra arte 74.000 ordu baino gehiago daude libre, eta «ahalik eta jende gehienari» zabaldu zion txertorako ordua hartzeko deia.