Lekeitiok neurriak zorroztuko ditu irailaren 1etik 5era bitartean
Lekeitioko Udala kezkatuta agertu da herriko intzidentzia tasa 1.000tik gorakoa delako. Udal ordezkariek diote "arrisku egoerak saihesteko" hartu dituztela neurriak. Besteak beste, kontrolak gehitu eta herriko sarrera-irteerak itxiko dituzte zenbait egunetan.
Azken egunetan Lekeition erregistratzen ari diren positibo kopurua dela eta, Lekeitioko Udalak segurtasun neurriak zorroztea erabaki du. “Neurri zorrotzak hartzera behartuta gaude. Azken egunetan positibo kopuruak erabat egin du gora”, esan dute udal ordezkariek. Gaineratu dutenez, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan 5.000 biztanle baino gehiago dituzten herrien artean intzidentzia altuena daukan herria da Lekeitio.
Errealitate horren aurrean, udal ordezkariak kezkatuta daude. Izan ere, egoera normalean San Antolin jaiak ospatuko lituzketen egunak gainean daude. “Inguruko herrietan ikusi dugun modura, ez jaien ospakizunek COVID-19aren intzidentzia mailan gorakada dakarte”. Eta gaineratu dute asteburuko gauetako gertaerek eta Ertzaintzaren eta Udaltzaingoaren aurka gertatutako erasoek ere “egoeraren larritasuna” areagotu egiten dutela.
Herriko Jai Batzordea eta Antzar komisioa entzun eta Jaurlaritzagaz kontsultatu eta gero, irailaren 1etik 5era ondoko neurriak hartzea erabaki dute, “arrisku egoerak saihesteko”:
- Irailaren 1etik 5era ezingo da inolako kirol edota kultura jarduerarik antolatu. Egun horietan egitea aurrikusita zeuden ekintzak beste data batzuetara aldatu dituztela esan dute.
- Udaltzaingoaren eta Ertzaintzaren jarduna indartuko dute, batez ere irailaren 3ko 20:00etatik irailaren 5eko 20:00etara arte (Antzar Eguneko asteburua).
- Herrira sartzeko guneetan kontrolak gehituko dituzte irailaren 4ko 20:00etatik aurrera. Lekeition bizi diren eta nortasun agirian horrela jasota dutenak sartu ahalko dira bakarrik.
- Irailaren 5ean herriko sarbideak itxiko dituzte, 16:00ak arte. Itsasontziei ere porturako sarbidea itxiko diete 16:00ak arte. “Ez da egongo helmuga edo jatorria Lekeition duen garrio publikoko zerbitzurik. Zerbitzu horiek 15:30etik aurrera berrezarriko dira”.
Udal ordezkariek esan dute neurriak “herritarren segurtasuna bermatzeko” helburuagaz hartu dituztela. “INguruko herrietan jaiak ospatu ez badira ere, asko izan dira bertara joan eta kutsatu direnak”. Hala, bisitariei Lekeition ez dagoela jairik ez eta ekintzarik esan nahi izan diete. “Gainera, ikasturte hasiera hurre dagoela kontuan hartuta, arriskua handiagoa da”.
Horren guztiaren aurrean, herritarrei sein bisitariei erantzukizunez jokatzeko dei egin diete. “Arduraz jokatzea eta segurtasun neurriak betetzea beharrezkoa da hurrengo urtea jaiak ospatu ahal izateko eta guztion osasuna zaintzeko”.