Ezarritako helburuak bete ditu Ondarroako Kultur Uheri ekimenak
2.000 ikusle baino gehiagok bat egin dute aurtengo kultur ekimenagaz. Andra Mari jaien faltan herritarrek bigarren urtez jarraian kultur eta kirol egitarau bat eskura eduki dutela esan dute.
Bigarren Kultur Uheri kultur ekimenari buruzko balorazio positiboa egin du Ondarroako Udalak. Aritza Aristondo Natxiondo kultura zinegotziaren esanetan, 2.000 ikusle baino gehiagok bat egin dute aurtengo kultur ekimenagaz. Erantzun horregaz “oso pozik” daudela dio, eta antolatzerakoan ezarritako helburuak ere bete direla azpimarratu du. “Kultura Sailetik eskerrak eman nahi dizkiegu ekimenean parte hartu duten artistei, ikusleei eta antolaketa lanetan laguntzen aritu direnei”.
Helburu horietako garrantzitsuena kultur emanaldien bidez urte guztian udaleko hainbat arlotatik jorratzen diren gaiak lantzea zen, eta bete egin da. “Herritarrekin landu nahi ditugun eta urte guztian lantzen ditugun gaiak oholtzara eramatea lortu dugu: euskara, berdintasuna, ahalduntzea, aniztasuna, aske bizitzeko beharra, etxegabeak, ekologia, artea… Horiez gain, nola ez, umorearentzako eta musikarentzako tarterik ere ez da falta izan”.
Gaien lanketan sakontzeaz gain, Andra Mari jaien faltan herritarrek bigarren urtez jarraian kultur eta kirol egitarau bat eskura eduki dutela gaineratu du. “Herriko artista eta sortzaileei Ondarroako plaza eskaini diegu euren lanak taularatzeko. Kirolak ere bere tarte propioa eduki du aurten, eta modu bikainean, gainera. Mikel Agirre Unamuno aizkolari ondarrutarrak 3. mailako aizkora txapelketa irabazi eta 2. mailarako igoera lortu zuen zapatuan frontoian, herriko ikusleen aurrean”.
Sarrerak, salgai. Bertan behera geratu ziren ikuskizunen data berriak ere zehaztu dituzte. Eguraldi txarragatik abuztuaren 15ean bertan behera geratu ziren esku pilota partiduak zapatuan jokatuko dira. 18:00etan hasiko dira. Abuztuaren 14an egin beharreko Bentazaharreko neska-mutiko alaiak taldearen kantaldia, berriz, domekan egingo dute; kantaldia ere 18:00etan hasiko da frontoian. Sarrerak turismo bulegoan daude salgai, eta aldez aurretik erosita zituztenei lehengoek balioko diete. “Bateren batek sarrerak itzuli nahiko balitu, turismo bulegoan itzuli eta dirua bueltan jaso ahalko du”.