Labik erabaki du edukiera handitzea kultur, gizarte eta kirol jardueretan
Orokorrean, %60ko edukiera edukiko dute lokal eta instalazio guztiek, hainbat muga badaude ere. Kultura edo kirol ekitaldietan gehienez ere 600 pertsona bildu ahal izango dira barruan direnean, eta 800 pertsona kanpoan badira. Neurri berriak eguaztenean [irailak 1] sartuko dira indarrean.
Eusko Jaurlaritzak COVID-19aren hedapena eteteko hartutako neurriak malgutzea erabaki du. Hala jakinarazi dute Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburu Gotzone Sagarduik eta Hezkuntza sailburu Jokin Bildarratzek, Labi aholku batzordea bildu ostean egindako prentsaurrekoan. Batez ere, edukieretan eragingo dute neurri berriek. Orokorrean, lokal eta instalazio guztien edukiera %60ra igoko dute. Halere, aparteko zenbait muga ezarri dituzte jarduera batzuetarako.
Ostalaritza establezimenduen barrualdean edukiera muga %50ekoa izango da, eta mahaiko zortzi lagun esertzeko aukera egongo da, sei beharrean. Gainera, gizarte, kultura edo kirol ekitaldietan gehienez ere 600 pertsona bildu ahal izango dira barruan direnean, eta 800 pertsona kanpoan badira. 600 eta 5.000 pertsona sar daitezkeen lekuetan 800 pertsonako biltzeko aukera emango dute, eta 1.200 pertsona kanpoan; eta 5.000 lagun baino gehiago sar daitezkeen lekuek %30eko edukiera izango dute. Erabakiok asteazkenetik egongo dira indarrean.
Zenbait neurri leundu arren, beste batzuei eustea erabaki dute. Hala nola, jarduera guztiak 1:00ean amaituko dira; gazte lokalek eta gaueko aisialdikoek itxita jarraituko dute; eta debekatuta egongo da tabernetan barran edo zutik kontsumitzea.
Ikasgeletan maskara erabiltzen jarraitu beharko da, eta metro eta erdiko segurtasun distantzia ere mantenduko dute.
Sagarduik azaldu duenez, pandemiaren bilakaeraren ondorio dira erabaki berriak. «Joera aldaketa argia da», nabarmendu du. Halere, haren hitzetan, joera aldaketa hori ez da hainbeste nabaritzen ari ospitaleetan, eta herritarrak txertatzera eta prebentzio neurriak mantentzera deitu ditu: «Aste erabakigarriak dira bosgarren olatu hau menderatzeko eta seigarren olatua saihesteko».
Txertatuek berrogeialdirik ez. Ikasturtea asteko astebete pasatxo falta denean, ikastetxeetako protokoloan egin dituzten aldaketen berri eman du Bildarratzek. Haren hitzetan, eutsi egingo diete iazko ikasturteko neurri nagusiei: maskara erabiltzen jarraitu beharko dute, garbitasun eta higiene neurriei eutsiko diete, metro eta erdiko segurtasun distantzia mantenduko dute. Sagarduik esan du protokoloa herritar guztientzat berdina dela; beraz, txertatuta dauden ikasleek ez dute berrogeialdirik egin beharko.
Protokoloaren zenbait puntu nabarmendu ditu Bildarratzek. Esaterako, ikasleak gelan daudenean, Haur Hezkuntzan eta Lehen Hezkuntzan «burbuilak» osatzeko aukera edukiko dute. Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako lehen eta bigarren mailetan, berriz, hiru edo lau ikasleko talde egonkorrak osatzeko aukera edukiko dute, elkarren artean 1,5 metroko distantzia mantenduz. Gainera, jakinarazi duenez, berriro ere ikasleek euskara lantzeko barnetegiak antolatuko dituzte, iaz pandemiagatik bertan behera utzi ostean.