Mutriku FTk irabazi du Mutrikuko 32. Rubio oroimenezkoa
Lezertuak eta Muiñosek bigarren zatian egindako golei esker eskuratu dute garaipena. Juan Jose Egia 'Rubio'ren omenezko partidua San Migel udal futbol zelaiko berdegune berria inauguratzeko baliatu dute.
Zapatu [abuztuak 28] arratsaldean jokatu zen Mutriku eta Eibar taldeko nagusien taldeen arteko lehia Mutrikuko San Migel futbol zelaian, eta garaipena etxean geratu zen. Mutrikuarrek “itxura ona” eman zuten denboraldiaurreko partiduan; Igor Kindosen mutilek 2-0 irabazi zuten, bigarren zatian lortutako golei esker.
Partiduaren lehen zatia hasi zen modura amaitu zen, hutsean. Lehen zatia oso lehiatua eta parekatua izan zen. Bi taldeek gol aukera bat edo beste eduki zuten, baina ez zuten aurkariaren atea zulatzerik eduki. Aldageletatik bueltan, etxeko taldea indartsu bueltatu zen berdegunera. Mutrikuk bere jokoa egiteko aukera eduki zuen, eta egoera iraulita laster iritsi zen lehen gola Lezertuaren eskutik. Neurketako bigarren gola azken minutuan ailegatu zen, Muiñosek sartutako penalti bati esker.
Partidua baliatuta, gainera, berdegunearen inaugurazioa ere egin zuten. Herriko apaizak belar artifiziala bedeinkatu zuen eta, ondoren, Jose Arronategi herriko medikuari eta Asier Illarramendi Realeko kapitainari klubaren alde egindako lana eskertzeko aitortza egin zieten. Arronategik 40 urte baino gehiago damaratza klubean laguntzen eta Realeko kapitaina klubeko harrobian hazi zen. “Hunkituta” jaso zuten oroigarria eta euren abizena zeraman kamiseta.
Omenaldian Joseba Palenzuelako alkateak, oposizioko alderdietako ordezkariek, Manu Diez Gipuzkoako Futbol Federazioko presidenteak eta Joseba Ibarburu Realeko presidenteordeak ere parte hartu zuten.