Eguenean hasiko dira eraisten Ondarroako Txomin Agirre 28ko eraikina
Udalak bere gain hartuko du eraisketak suposatuko duen kostua; 153.891,43 euro denetara. Apurka-apurka botako dute eraikina eta azaroaren hasierarako lanak amaituta edukitzea aurreikusten dute.
Udal iturriek iragarri dutenez, eraisketa lanak bederatzi asteko epean amaituko dituzte, azaroaren hasierarako. Apurka-apurka joango dira eraikina botatzen, inguruan dauden etxeak ez kaltetzeko. Bide horretatik eta lanekin hasi aurretik, udaleko Hirigintza Saileko arduradunak bisitak egiten ari dira inguruko etxeetara. Esan dutenez inguruko eraikinetan arrakalen protokoloa egiten ari dira. Protokolo horren helburua da eraisketa lanen ondorioz inguruko eraikinetan sortu daitezkeen kalteak kontrolatzea. Hau da, lanak hasi baino lehen etxe horien egoera zelakoa den baieztatuko dute, “kalterik balego ere behar modura erantzun ahal izateko”.
Lanek iraun bitartean ez da aurreikusten eraikinaren alboan dagoen igogailu publikoa itxi beharrik, baina eraikinaren azpian zeuden edukiontziak kendu egin beharko direla aurreratu dute. “Bizilagunek herriko beste gune batzuetan laga beharko dituzte hondakinak: Artabide 1ean (Beikozini parean), Politenako aurrean edo Musika Plazako guneetan, esaterako. Badakigu horrek zaildu egingo duela bizilagunen egunerokotasuna, baina ez dago beste aukerarik lanek irauten duten bitartean”.
2007an eman zen Txomin Agirre 28ko eraikina egiteko baimena, baina herritar batzuen salaketak medio, legez kanpokoa zela berretsi zuten epaitegiek. “Orduz geroztik bide zaila eta garestia izan du prozesuak, eta eguenean [irailak 2] hasiko dira eraisketa lanekin”. Udalak bere gain hartuko du eraisketa kostua (153.891,43 euro). “Aurretiaz ere hainbat kalte-ordain ordaindu behar izan ditu udalak, legez kanpokoa zen eraikin bat egiteko baimena emateagatik”. Besteak beste, eraikuntza enpresari edota etxebizitza bertan erosteko diru bat aurreratu zuten bizilagunei kalte ordainak ordaindu behar izan dizkiete.
Lanak amaitzean orube hutsa geratuko da espazio horretan. Aurreratu dutenez, gune hori zertara bideratu erabaki beharko da gero, “beti ere une honetan idazketa prozesuan dagoen Herri Antolamendurako Plan Orokorra eta Alde Zaharreko Plana errespetatuz”.