Ikasturte hasierako doako 1.200 bonu banatuko dituzte Ondarroan
Bonuak turismo bulegoan egongo dira eskuragarri eguaztenetik [irailak 1] irailaren 30era bitartean. 0-18 urte bitarteko ikasleek eskatu ahal izango dituzte.
Ondarroako Udalak ikasturte hasierako bonu kanpaina abiarazi du bigarren urtez jarraian Zatozte Merkatari eta Ostalarien Elkarteagaz lankidetzan. Ikasturte hasieran egoten den gastua arintzeko asmoagaz, doako 1.200 bonu ipiniko dituzte 0-18 urte bitarteko ikasleen eskura, “ikasturte hasieran sortzen diren gastuei aurre egiteko eta herriko saltokiei laguntzeko”.
Eguaztean [irailak 1] abiaraziko dute kanpaina berria eta bonuak irailaren 30era arte erabili ahal izango dira kanpainara atxikituta dauden saltokietan. “Kanpainari atxikitutako saltokiek erakusleihoan kanpainaren kartela edukiko dute ipinita”. Zehaztu dutenez, ikasturte hasieran herritarrei laguntzeko bonuek 10 euroko balioa daukate, baina horietako bat erabili ahal izateko gutxieneko erosketa 20 eurokoa izan beharko da.
Kanpainak irauten duen tartean turismo bulegoan eskuratu daitezke bonuak, beti ere arinago amaitzen ez badira. Honako egun eta ordutegian egongo dira eskuragarri: irailaren 15era arte, egunero, 10:30etik 14:30etara eta 16:30etik 20:30era eta irailaren 16tik aurera, martitzenetik domekara, 12:00etatik 14:00etara eta 17:00etatik 19:00etara.
Azpimarratu dutenez, pertsonako bonu bakarra eskatu ahal izango da. Adingabeen kasuan, bonua adinez nagusia den batek jaso beharko du nortasun agiria erakutsita. Horrez gain, onuradunaren familia liburua aurkeztu beharko du eta, arrazoiak arrazoi, familia liburua izan ezean jaiotza ziurtagiria aurkeztu beharko du. 18 urte beteta dituzten onuradunek, aldiz, eurek jaso dezakete bonua, nortasun agiria aurkeztuta.
Kanpainagaz bat egin nahi duten baina oraindik izena emanda ez dauden herriko merkatariek horretarako aukera zabalik dutela ere gogorarazi dute. Parte hartu nahi dutenek Zatozteren bulegora hurreratu beharko dute izena ematera.