Deabru Beltzak taldeak su ikuskizuna dakar Etxebarrira
Bizkaiko Foru Aldundiak antolatu du emanaldia, Deabru Beltzaken 25. urteurrenaren harira. Uztailean atzeratutako kultur eta kirol ekintzak berrantolatzen hasiko dira Etxebarrian.
COVID-19ak eragindako egoerak uztailean okerrera egin zuela eta, Santixauen bueltan antolatutako kultur ekintzak atzeratzea erabaki zuten Etxebarrian. Eta, orain, egoerak hobera egin duela ikusita, kultur ekintzak berrantolatzen hasiko dira. Horrela, asteburu honetan izango dute lehen emanaldia Deabru Beltzaken eskutik.
Bizkaiko Foru Aldundiak antolatutako emanaldia da zapatuan [irailak 4] 21:00etan Deabru Beltzakek PeƱanekua plazan edo udaletxe aurreko plazan eskainiko duena. Deabru Beltzaken 25. urteurrena ospatzeko zortzi ekitaldi antolatu ditu aldundiak Bizkaian, eta horietako bat da Etxebarrikoa.
Deabru Beltzak taldearen ikuskizunak eszenaratze deigarriagatik nabarmendu dira beti, eta ikusleak batzen dituen esperientzia harrigarri bihurtuko ditu oraingoan ere. Su danborrak izeneko ikuskizunak perkusioa, piroteknia eta efektu bereziak, koreografiak eta antzezpena eskainiko dituela aurreratu du konpainiak. Ikuskizun bisuala ziurtatuta egongo da, beraz.
Emankizuna kalean izango da, eta pandemia egoera dela eta aforoa mugatua egongo dela jakitera eman du Jesus Iriondo Etxebarriko alkateak. Horrela, bertaratzen diren herritarrek jarrita ikusi beharko dute emanaldia.
Deabru Beltzak. Nazioartean ibilbiderik luzeena daukan kale antzerkiko Euskal Herriko konpainia da Deabru Beltzak. 1996.urtean sortu zen eta 25 urte daramatza kaleko arte eszenikoen ikuskizunen ekoizpenean. Finalista aukeratu berri dute Arte Eszenikoen XXIV. Max Sarietan, Symfeuny lanagatik, kale-ikuskizun onenaren kategorian.
Haur zein helduentzat sortutako dozenaka kale antzerki proiektu egin ditu konpainiak, ikuskizun ibiltarien diseinuan aintzatetsia da, gainera arrakasta eta aintzatespena jaso izan ditu nazioartean perkusio ikuskizunekin.
Euskal Herriko hainbat antzerki taldetik etorritako aktoreek sortu zuten 1996an Deabru Beltzak kale antzerkia. Ordutik hona hamar antzezlan aurkeztu dituzte, horiekin 3.000 ekitaldi eginez, 80 aldiz enkargatu dizkiete ekimen berezien antolakuntza, 50 hiritako jaien zuzendaritza artistikoa egin dute, munduko 35 talderekin egon dira elkar lanean. Bost kontinente eta 35 herrialde baino gehiagotan egin dute lan, Euskal Herriko talderik nazioartekoena bilakatuz.
Datozen asteetan. Deabru Beltzaken emanaldia hasiera besterik ez da izango. Datozen asteburuetan ere, hainbat kultur eta kirol jardueraz gozatzeko aukera egongo baita Etxebarrian. Asteburu bakoitzean ekitaldi bat egongo dela azaldu du alkateak. Hala ere, esan duenez, kultur batzordeak erabakiko du ekintzak noiz egingo diren. “COVID-19ak eragindako egoera ez zela batere ona ikusi genuen uztailean eta denon artean hartu genuen atzeratzeko erabakia, aho batez. Ardura hori denen artean partekatu izana asko eskertzen dut”.
Zapatuko emanaldiagaz gainera, irailaren 17an pilota partidak egongo direla aurreratu du alkateak, “palaz, eskuz eta zestaz”. Horrez gain, herriko 90 urteko nagusien omenaldia eta urtero umeei egiten zaien harrera san Andres Egunean egiteko asmoa agertu du. Bestalde, irailaren 19an Etxebarriko VI. Sari Nagusia txirrindulari lasterketa egongo da.