Dueñasko kartzelatik El Duesora lekualdatuko dute Imanol Miner
Ondarroagaz lotura estua duen preso hernaniarra Ondarroatik 120 kilometro ingurura egongo da kartzelaz lekualdatzen dutenean. Albisteak ezustean harrapatu ditu presoa eta haren hurrekoak; udaberrian hurreratu zuten Dueñasko kartzelara.
Aste batzuetan iragarpenik egin barik igaro ostean, Espainiako Gobernuko Espetxe Erakundeek atzo [abuztuak 31] beste zazpi euskal preso lekualdatuko dituztela jakitera eman zuten. Lekualdatuko dituzte preso horien artean Ondarroagaz lotura estua daukan Imanol Miner Villanueva dago. Preso hernaniarra Dueñasko (Palentzia, Espainia) kartzelatik El Duesokora (Kantabria, Espainia) lekualdatuko dute, Ondarroatik 120 bat kilometrora. Gainontzeko sei presoak (Asier Rodriguez, Ibai Aginaga, Guillermo Merino, Jose Angel Lerin, Jon Etxeberria eta Iosu Ordoñez) Euskal Herriratu egingo dituzte.
Preso hernaniarraren bikote ondarrutarrak HITZAri azaldu dioenez, hilabete gutxian bigarrenez lekualdatuko dute. Udaberrian, esaterako, Granadako espetxetik Dueñasera lekualdatzea erabaki zuten Espainiako Espetxe Erakundeek, baita bigarren gradura igarotzea ere. “Maiatzaren 4an atera zuten Granadako espetxetik, baina behin-behinean, Valdemoroko (Madril, Espainia) kartzelan egon zen; maiatzaren 27ra arte egon zen bertan, espero baino denbora tarte luzeago”, azaldu du Ane Miren Barrenetxeak.
Minerrek berak atzo [abuztuak 31] iluntzean eduki zuen albisteraren berri, bikotearen deia jaso zuenean. “Ez zekien ezer, eta albisteak ezustean harrapatu zuen. Duela gutxi Granadako espetxetik Dueñaskora lekualdatu zuten, eta etxetik hurbilago dagoen espetxe batera lekualdatzea ez zuen inondik inora espero. Pozik geratu da albistegaz, Asier Badiola ondarrutarra eta beste kide asko ere bertan daude. Albiste positiboa da, orain Ondarroatik hiru ordu eta erdira dago kartzela, eta lekualdaketa gauzatzean, ordu eta erdi pasatxora, baina euskal presoak Euskal Herriratzeko aldarrikapena egiten jarraitu behar dugu”.
Minerren bikoteak azaldu duenez, ez dakite noiz lekualdatuko duten. “Lekualdaketa batzuk aste batetik bestera egiten ari dira, baina beste batzuk, ostera, hilabetez ere egon dira zain”. Preso hernaniarra 2002ko maiatzaren 19an espetxeratu zuten eta 30 urteko zigorra ezarri zioten, denbora tarte horren ia guztia Granadako espetxean eman du preso, lehenengo graduan; 2024ko azaroan beteko ditu zigorraren hiru laurdenak. Espainiako Espetxe Erakundeek agertu dutenez, Palentziako Tratamendu Batzordeak proposatuta, “Idazkaritza nagusiak Kantabriako espetxera lekualdatzeari oniritzia eman dio”.