Euskal Herri barruko mundubira Lea-Artibaitik ere pasatu da
Itsasoari lotutako ondarea partekatzen duten herriak zeharkatzen ari dira sei lagun txirrinduan. Getarian hasi zuten ibilbidea martitzenean [abuztuak 31], eta bertoko hainbat herri zeharkatu dituzte egunotan.
Bederatzi etapa eta 720 kilometro. Duela 500 urte, lehen mundubiragaz eta garaiko beste esplorazio-bidaia batzuekin lotura izan zuten Euskal Herri osoko hainbat herri lotzeko asmoa dauka Elkano Fundazioak sustatu duen Euskal Herri barneko mundubira ekimenak. Itsasoari lotutako ondarea partekatzen duten herriak zeharkatzen ari dira sei lagun txirrinduan.
Getariatik abiatu ziren martitzenean [abuztuak 31], eta Lea-Artibai eta Busturialdeko zenbait herritatik ibili dira egunotan. Lehen etapa Mundakan amaitu zen astelehenean bertan, Zumaia, Deba, Ondarroa, Lekeitio, Ispaster eta Ea zeharkatu ostean. Eguaztenean [irailak 1], berriz, Bermeon egin zuten geldialdia Bakio alderantz bidea jarraitu aurretik. Getarian hasi eta herri berean amaituko dute ibilbidea, irailaren 8an (eguaztena).
Elkano Fundazioaren asmo berri horren helburua Euskal Herri itsastarra deskubritzea dela aipatu dute, bai eta gure historiaren kontakizun hori berreskuratzea eta gaur egungo gizartearen esku jartzea ere. Horretarako, txirrindua hartu dute bitartekotzat. Ibilbide pilotua osatuko duten taldeko kideak honakoak dira: Ane Miren Miralles, Naila Jornet, Garbiñe Mendizabal, Ander Izagirre, Iosu Iztueta eta Ion Irurzun.
Elkano Fundazioak azaldu duenez, partaideek iruditan jasoko dute ibilbide osoa, dibulgazio dokumental bat ekoizteko, eta, horren bidez, ekimenaren emaitzen berri eta gure lurraldearen itsas historiaren berri emateko. Bestalde, Ander Izagirre idazle eta partaideak, bidaia liburu batean jasoko du esperientzia, bidaiaren kronika eta kontakizun historikoa uztartuz.
Gogoetak. Ibilbide pilotu bat sortu nahi dutela azaldu dute: «Kirolaren bidez gure historiagaz lotuko gaituen bide bat eta horregaz batera, Euskal Herriko txirrindulari bideen artean errotzea». Horrez gain, proiektuak beste helburu bat ere baduela diote; izan ere, ibilian-ibilian, partaideek gogoetarako zenbait gune bideratuko dituzte, lehen itsas biragaz lotura duten gaur egungo gaiei buruz eztabaidatzeko eta hausnartzeko, «ez baita ahaztu behar globalizazioaren hasierako mugarrietako bat izan zela itsas bidai hura».
Hala ibilbideko hainbat puntutan partaideek elkarrizketak izango dituzte jakintzaren hainbat arlotako adituekin, eta hainbat esperientzia eta ekarpen bilduko dituzte, taldearen dinamika aberasteko.
Antolatzaileen esanetan, 500 urte horietan gertatutakoari begirada kritikoa egitea da asmoa, «historiatik ikasi ahal izateko, eta, aldi berean, begirada ireki bat, etorkizuna irudikatu ahal izateko».