Gasolindegiaren obrak irailaren erdialdera hastea aurreikusten du Lekeitioko Udalak
Lanek 282.220, 34 euroko inbertsioa suposatuko dute, eta fase bakoitzak 16 asteko iraupena izango du.
Gasolindegi zaharra zegoen eraikinean turismo bulego berria kokatzeko lanak esleitu ditu Lekeitioko Udalak, eta irailaren erdialdera obrekin hastea aurreikusten dute.
Lanak aldi bitan egingo dira. Lehenengoan eraikinaren inguratzailea berreskuratzeko lanak egingo dituzte, eraginkortasun energetikoa hobetzeko eta energiaren aldetik jasangarria den eraikin bat lortzeko. Bigarren aldian, berriz, barne banaketa eta instalazioak prestatuko dituzte.
Udalak jakitera eman duenez, gasolindegi zaharra zegoen eraikinean turismo bulego berria kokatzeko lanek 282.220, 34 euroko inbertsioa suposatuko dute, eta fase bakoitzak 16 asteko iraupena izango du.
Azaldu dutenez, eraikinaren jatorrizko egitura mantenduko da, aurrekaldearen morfologia errespetatuko duen eraberritzea eginez eta zenbait elementu berriztuz. Turismo bulego berria gune ezberdinetan banatuko da, besteak beste bisitariak hartzeko harrera edota bilera gela bat edukiko dituela esan dute.
“Bulegoa kokatzeko gune ezin hobea da. Izan ere, Lekeitioko erdigunetik hurbil dago eta alde zaharra, eliza, portua edota hondartza alboan ditu. Gainera, aurreko bulegoa baino ikusterrazagoa den tokian kokatuko da bisitarientzako erraztasunak emanez”.
Gasolindegi zaharraren eraikina Alvaro Libano arkitektoak diseinatu zuen 1962 urtean, eta Nazioarteko abangoardia eta arrazionalismo estilokoa da. Urte horretatik 2007ra bitartean gasolindegia egon zen bertan.