Lea-Artibai eta Mutrikuko pilotariek hasi dute Daniako denboraldia
Lea-Artibaiko bost puntista eta Mutrikuko hiru daude neguko denboraldia hasi duten 28 pilotarien artean. Jon Goenaga mutrikuarra bisari itxaroten dago.
Dania Jai Alain atzo [irailak 1] hasi zuten neguko denboraldia, eta 28 pilotarik osatutako lantaldea ikuskizuna eta joko ona eskaintzeko prest dago. Astero, eguaztenetik domekara, goizez eta arratsaldez, lehiatuko dituzte kinielak.
Lea-Artibai eta Mutrikuko zortzi pilotari daude denboraldia hasi dutenen artean: Berriatuko Ibon Aldazabal, Ispasterko Endika Madarieta Elgezabal, Markina-Xemeingo Gorka Aldazabal Ubilla, Eñaut Salegi eta Iñaki Goitia eta Mutrikuko Erik Mendizabal, Ekaitz Mendizabal Goixarri II eta Aratz MendizabalGoixarri III.
Goixarri II lesiotik errekuperatzen ari da. Euskal Herriko denboraldiko bere lehen partiduan, Mutrikun, min hartu zuen uztailean. Eskuineko bizepsaren beheko aldeko tendoia hautsi zuen, eta ebakuntza egin zioten Donostian.
Danian jokatu ahal izateko Jon Goenaga mutrikuarra bisari itxaroten dago, bai eta Cosme Agirre zumaiarra ere.
Mendizabal eta Goitia, txapeldunorde Magic Cityn. Bestalde, Ameriketako Estatu Batuetako Jai Alai Txapelketan txapeldunorde geratu da Mendizabal mutrikuarra Manu Ladutxe lapurtarragaz batera. Joko ona daukatela erakutsi duten Ben eta Matt Langhans anaiak dira aurtengo txapeldunak.
Bakarkakoan, Matt Langhans nagusitu da, eta Goitia geratu da txapeldunorde. Ubilla, Iñigo Gorostola Arrieta, Zulaika eta Jairo Baroja bezalako puntista ezagunek ere parte hartu dute txapelketan, eta kirol arloan zein antolakuntzari dagokionez, “guztiz arrakastatsua” izan dela azpimarratu dute.
Floridako hainbat frontoitako pilotariak batu ditu txapelketak. Dania, Miami, Calder, Magic City… Azken horretan jokatuko dute dute. Frontoi motza da, eta larruzko pilotekin ordez, gomazkoekin jokatzen dute bertan. Danian dauden pilotariak ez daude formato horretara ohituta.